Onsa argalceco bidia

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2013-11-29 08:30

 

                 Sexuak argaltzen ote du? Hara zenbaitek egin izan duen galdera. Izerdia bota botatzen denez -ongi eginez gero, noski- askoren iritzia da baietz, kirola egitearekin pareka litekeela larru jarduna, erretako energiari dagokionez bederen.


                 Kontua argitu nahian, 2007 urtean American Journal of Cardiology aldizkarikoek neurtu egin zituzten bihotz-erritmo eta arteria-presio aldaketak gizon-emakume talde batean –zehazki, 47 eta 63 urte bitarteko 19 gizon eta 44 eta 58 urte arteko 13 emakume- alde batetik gimnasioan zintan entrenatzen zebiltzala eta bestetik etxean larrutan alaiki ari zirelarik. Ondorioa honakoa: sexua ariketa fisikotzat har daiteke, neurrian egindako ariketa fisikoa, ordea; oinez arin ibiltzea edo etxera eskaileretatik igotzea lakoxea. Argi dago, kirolean baino kaloria gutxiago erreko ditugu txortan. Gusturago, hori bai.

 

                 Behintzat gure ohiko ohenagunarekin eginez gero; izan ere, beste ikerketa bitxi batek honakoa ondorioztatu baitzuen: bikotekideaz aparteko maitale batekin edo erlazio berri baten hastapenetan bikoitza baino gehiagokoa da kaloria xahuketa. Honekin –argi gera bedi munduaren aurrean- ez dut ezer iradoki nahi, ez horixe.

 

                 Bidenabar, bihotzerako –osasun kardiobaskularrerako, uler bedi- ere ezin hobea da sexua. American Heart Association-ek 2012an Circulation –izen egokia, inondik ere- aldizkarian argitaratutako txosten mamitsu baten arabera geure bizitzan zehar izandako orgasmo kopurua positiboki erlazionatuta dago biziko garen urte kopuruarekin. Hau da: zenbat eta orgasmo gehiago, orduan eta urte gehiagotan biziko gara. Eta gainera hobeto (hau neuk diot, ez American Heart Association-ek).

 

                 Ez daukat gehiago esateko, lagunok. Bakarrik gaur ostirala dela. Eta bihar larunbata. Eta etzi igandea ;-)

 

                 Eta, pentsatzen jarrita, astelehenak ere badu bere morboa, ez? ;-))

 

 

 


Utzi iruzkina: