Milaka trajedia txiki eta trajedia handi bat
Maiatz-ekain busti hauetan milaka gazte ari dira unibertsitatean gogoa jarrita: hautaprobak, sarrera probak, matrikulak... Askok ezin izango dute aukeratu zutena ikasi; sartzeko nota gero eta altuagoa da, ikasketa batzuetan estratosferikoa bihurtu arte. Milaka gazte bigarren edo hirugarren aukera lez markatu zuena ikasteari ekingo dio. Gaitzerdi. Eta pentsatuko du, agian, zorteduna dela ikasi behintzat ikasiko duelako. Zeren beste askok ezin izango baitute ikasi, ez dutelako diru nahikoa izango ordaintzeko: matrikulak igo dira, garraioa igo da... Unibertsitate publikoak pribatua dirudi, kostatzen denari erreparatuta behintzat, eta unibertsitate pribatua gutxi batzuentzat -gero eta gutxiagorentzat- da eskuragarri.
Baina aurreko trajedia pertsonal guztiek, bere bakoitzean erraldoiak izanik ere, beste handiago bat osatzen dute: herri batentzat trajedia estrategiko deitu dezakeguna: unibertsitate murriztu honek Herriaren etorkizuna baldintzatzen du. Orain ez badago medikuntza ikaslerik, gero ez da egongo medikurik. Hain sinple.
Nire neurriko mozolo batek ere egin lezakeen arrazoinamendua ez dute egin hemen izan diren gobernuek: zenbat biztanle gara orain? n; zenbat izango gara hemendik 10, 15, 20, 25... urtera? n+x. Kopuru horri zerbitzu duina emateko beharko ditugu honenbeste mediku, horrenbeste erizain, hainbeste maisu-maistra. Beraz, halako ikasle kopuruak ikas dezan honelako eta honelako unibertsitatea behar dugu.
Ez dute kalkulu hori egin. Edo egin egin dute eta pentsatu dute ezetz, hobe dela dirua, esaterako, Abiadura Handiko Tren bat egiten xahutu edo inork erabiltzen/erabiliko ez duen Super Autopista baten.
Horren ardura eta errua dute eta Historiak epaituko ditu. Berandu, zoritxarrez.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: