Fisikaz, damuaz eta antzeko piztiez.

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2008-05-15 18:44



Sarri damutu naiz Fisika ikasi ez izanaz. Tira, damutu bai, baina modu pixka bat artifizial batez; izan ere, orain ere ez nuke aukeratuko ikasketa moduan: asko ikasi behar da eta argi daukat ni, edozer bainoago, alperra naizela, zer egingo zaio. Dena dela, interes handiz jarraitu dut beti Fisika, Astronomia eta antzekoen ingurua; izan ere, Fisikaren mugetan sortzen baitira aspaldian bizitza askotan zentzugabe honen zentzuari buruzko –badakizue: nortzuk gara? nondik gatoz? noiz jubilatuko naiz? -  hipotesi harrigarri asko eta asko. Horietako batek dio balitekeela egotea ez unibertso bakarra baizik eta unibertso kopuru infinitu bat. Harrigarriki, unibertso horiek guztiak batera jaioak izango lirateke, Big Bang (*) urruti hartan eta denak batera existuko lirateke orain (baldin eta oraina eta denbora existituko balira...). Kontua da, niri behintzat unibertso kopuru infinituaren hipotesi hau kontsolagarri zaidala. Erabat.

Infinituak horixe bera esan nahi du: infinitua. Gerta (ez) zitekeen guztia, gerta daitekeena eta ez daitekeena, inoiz bururatu zaiguna eta erokeriarik handiena gertatu direla, gertatzen ari direla eta gertatuko direla inoiz, inon: Halako unibertso batean euskaldunak penintsula osoa konkistatu dugu, beste batean ez zuten Euskaldunon Egunkaria itxiko, eta hurrengoan, akaso, euskaldunik ere ez dago (oraindik). Litekeena da unibertso bat zeinetan E=mc2 beteko ez den, edota beste bat non denbora atzeraka doan. Baina kontsolagarria zaidala esan dizuet; erabat kontsolagarri. Kopuru infinitu horren artean Fisika ikastea aukeratuko nuelako halako unibertsoan, edota bizitza honetan oker aukeratu dudan bakoitzeko, aukera zuzena hartu dudalako hainbeste aldiz beste horrenbeste unibertsotan... Beraz, infinitu aldiz asmatu egin dut ataka zailean aurkitu naizen guztietan. Ez dago gaizki.

Baina kontsolagarri bezain, kezkagarri ere bazait; izan ere, unibertso kopuru infinitu horretan hainbeste eta hainbeste unibertsotan ni ez naiz jaio, ez naiz existitzen, ez naiz existituko. Eta ez dago eskubiderik, zer nahi duzue esatea.





(*) Ez konfunditu gero Big Bang eta Gang Bang, ez baitira gauza bera, ez direnez.

 





Utzi iruzkina: