Detaileen garrantziaz

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2009-03-12 20:22
1



1987 urrun hartan jatetxe garesti bateko mahai inguruan nengoen eta mahaikideetako batzuek autosufizientziaz egiten zuten barre Santi Potros atxilotu berriak nola demontre izan zitzakeen bere "paper" sonatuak hain agerian, poliziak aurkitzeko moduan. Bazkari hartan zeuden geroago Ahaldun Nagusia izango zen bat eta hilabete gutxi barru eratuko den PSEren gobernuan ikusiko dugun beste bat. Orduan ez zen sozialista baina hori beste istorio bat da. Jende gehiago ere bazegoen bazkari o(pi)paro hura dastatzen, tartean nire moduko "tostarteko" pare bat.
Neure ardura zen irakasle batzuen kontratazioa eta ordainketa. Abendua izango zen eta neure ardurapekoak lanean zeramaten hilabetea baino gehiago kontratua oraindik sinatu gabe eta kobratu gabe. (sic)
Postrea ia amaituta mahaikide batek komentatu zuen, inolako maleziarik gabe, ardoa -ardoetako bat- amaitu zela eta ezin izango zuela kafearen aurreko azken tragotxoa edan. Ahaldun Nagusi izatera helduko zenak -bertan geundenon jefea, bestalde- konpondu zuen arazoa: -Lasai, beste bat eskatuko dugu! Egarri zenak ezetz, moldatuko zela, ez zuela merezi beste botila bat eskatzea, garestia zela ardo hura... Asmatu duzue nola amaitu zen kontua: Eskatutako azken botila ia osorik geratu zen mahaian, ederto ordainduta, diru publikoaz. Geroago eskatu zituzten pattar garestiak bezala. Arranditsua irudi nezake hau esatean baina erabaki bat hartu nuen egun hartan: halakoengandik ahalik eta urrunen ibiliko nintzela aurrerantzean. Detaile hura ez baitzen izan ikusi nuen lehena.
Handik hilabete batzuetara ez nuela jarraitu nahi esan nion neure nagusiari eta gure harremana -gehiago- ez garrazte aldera soldata eskasa jarri nuen aitzakiatzat. Esan zidan ea ez nuen ulertzen, gauza batzuk ez direla diruz soilik ordaintzen. Hitzez hitz. Hurrengo Gobernuan ikusiko duguna izan zen.


2009-03-30 09:27 #1

Aurten bai, (iaz ez, noski) eta hurrengo urtean batek daki!<br><br>O tempora, o mores!!!<br>


Utzi iruzkina: