Ameriketara joan nintzen (II)

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2008-09-23 14:08




RS eta CS-ren etxean ostatu gara, erregeak bezala. R solasak ezustekoz betetzen dituen gizon erraldoia da. Gaztetan kantari ibili zen AEBetan zehar eta berdin kontatzen dizu kontzertuen ostean Les Paul-ek bere etxera gonbidatzen zuela musikaz hitzegiteko, Billy Joel-ekin jo zuela famatu baino lehen edo Jaco handia New Yorkeko negu gorrian kale edurtuetatik ikusi zuela behin, begirada galdua, ortozik eta alkondararik gabe, drogaz lepo; genioa bezain zoroa zela.

C jatorri italiarrekoa da. Aiton-amonak etorri ziren AEBetara. Gurasoek italieraz egiten zuten beraien artean, baina ez zioten berari irakatsi. Pena du.

Gurekin etxean TS ere bizi da, semea. Handia eta sendoa, sendoegia. Gimnasioan sartzen ditu orduak eta jan ere zakuka jaten du.

AS, beste semea, ez da hemen bizi, Manhattaneko apartamentu garesti batean bizi da C jatorri malasyarreko mutilagunarekin, City of New Yorkentzat egiten du lan eta ederto irabazten du. C-k lau hizkuntza dakizki: malasyera, txinera (kantonera eta mandarina) eta ingelesa. Txakur bi dituzte, arropa garestiekin janzten dituztenak.

Orain ND ere bizi da C eta R-ren etxean; N, T-ren lagun mina da eta zulotik ari da ateratzen orain: umea zelarik gurasoak banandu eta amarekin bakarrik geratu zen. Handik gutxira amak beste emakume batekin alde egin zuen; N “bad boy”-a bihurtu eta “jail”-a ere ezagutu zuen. Orain lana dauka eta ari da apurka-apurka burua altxatzen.

JM, CS-ren loba, ere ezagutu dugu; gaztea izanik ere, 49 urte, erretiratuta dago. Suhiltzailea zen New Yorken 2001eko irailaren 11an. Egun hura eta gero bolada luzea pasatu zuen lorik egin ezinik, dorreetatik beren burua botatzen zutenen gorputzak lurra jotzean egiten zuten zarata burutik ezin kendurik. Bolada luzeko depresioa ez zitzaion arindu urte batzuk geroago semea drogak eraman zuenean. JM ere hasi da zulotik ataratzen eta irribarrea gero eta maizago erakusten du.







Utzi iruzkina: