Kondoi bakoitzak bere istorioa dauka
Kondoi bakoitzak bere istorioa dauka, edo amore ez emateko amoranteen ipuinak.
Zer ezkutatuko ote da kajatxo horren barruan? Zabaltzeko irrikitan daukagun kaja dotore, kuttun horretan? Ez edozein unetan zabaltzeko kaja arrunta. Kaja horretan desioak, ametsak, pasioak, antsiak, beroak, hotzikarak, izerdiak daude gordeak. Zabaltzen ez denean hatz urduriek ferekatzen, laztantzen dute. Ahots etsi, eztia mintzatzen zaio ahapeka. Zabaltzen ez denean hutsa da giroan. Zabaltzeko egina da kajatxo hori. Bere izatearen arrazoia horixe da. Esku urduri, goseti, izerditsu, grinatsu batek, bere barruan gordeta dagoen istorioa deskubri dadin dago egina kaja hori. Ohantzearen ondoan, isil, mutu, herabe, dagoen kutxa zain dago. Kondoien kutxatxoa da. Kapoten gordelekua. Preserbatiboen atseden lekua.
Eta zabaltzen dugunean istorio bat hazten da airean. Giroan. Lurrunean. Lurrinetan. Izerditan. Jiratan. Biratan. Atsedenetan. Abiaduran. Istorioa hasi da. Hazi da. Hezi da. Eta ez da hesi. Argi eta itzaletako istorioa. Eraikitzen da mutu eta oihu. Gor eta ozen. Geldo eta bizi.
Kondoien kutxa istorioz betetako kutxa da. Deskubritzeko zain dauden istorioak. Istorio ezustekoak. Istorio desiratuak. Grinatsuak. Luzeak. Motelak. Laburrak. Haundiak. Txikiak. Kondoi bakoitzak bere istorioa dauka bere baitan. Eta, agian, gure baitan gordeko da. Beharbada isurtzen den istorioa izanen da edo apika itsas zabaletara uholdeka heltzen dena.
Kondoi bakoitzak dauka bere istorioa eta estali baino deskubritzeko gonbitea egiten digu. Edo ez?
Iruzkinak
ander 2007-04-05 20:08 #1
aupa carrere!
ipuin ederra benetan,
halakoekin erabilitako kondoiak ere kutxatxoan gorde beharko ditugu...
bakardade momentu horietan apalean ditugula...
hartu, ikusi, ukitu eta usaindu ahal izateko...
mila esker zure ipuinengatik
Utzi iruzkina: