Iragana ahaztu gabe, baina etorkizuna gogoan

josu 1456149891816 Josu | 2006-03-23 22:12

Analisia: ETAren suetena

Pelota Espainiako (edo Espainia eta Frantziako) Gobernu(et)an dagoela esaten dutenek ETAren nahia interpretatu dutela uste dut. Nire ustetan, orain ere guztiek dute zeresana, eta baita zeregina ere.

Ez dut zalantzarik Madriletik gobernatzen dutenek izugarrizko ardura dutela, baina momentu hau historiarako inflexio puntu bat izan dadin denok eman behar dugu gure zatia.

Arrazoirik ez zaie falta ETAren aktibitate krudelaren biktima izan direnei, esaten dutenean haien sufrimentua ezin dugula ahaztu. Errespetu falta litzateke, errurik gabe hil diren politikari, polizia, kazetari, edo besterik gabe pertsona guzti horien duintasun eta sufrimenduaren gainean marko berria eraikitzea. Egia da. Baina horrek, ez dezagun ahaztu, ez du esan nahi elkarbizitzarako ahalegina egin behar ez dugunik.

Kuriosoa zait gaur sufrimendua ez ahazteko eskatu dutenak direla duela 30 urte Espainiarrek burutu zuten amnesiak eragindako etekin handiena lortu zutenak. Haiei eskatzen diet ez dezaten amnesia burutu ez orain, ez atzean utzitako kontuekin. Gogora dezatela nola frankismoak zapaldutako horiek "paso de página" egin eta, min handiz, elkarbizitza berria onartu zuten.

ETAren bortizkeria jasan dugunontzat (eta lehen pertsonan diot, bere jokabidea gizarte guztiak ordaindu duela uste dudalako), zaila zaigu onartzea sufrimendua eragin diguten horiekin eratu beharko dugula gizartea. Eta zaila zaie, batez ere, haien artean biolentziaren eraginez maite duten bat falta zaienei: guraso, seme-alaba, anai-arreba...

Rodriguez Zapatero jaunak eta beste politikari askok esan dute: "será un proceso largo, difícil y no exento de dificultades" eta ez zaie arrazoirik falta. 40 urtez bizirik iraun duen erakunde armatu bat desegitea, eta erakunde hori sortzeko arrazoia den problematika konpontzea ez dira gai xamurrak.

Asko kostako zaigu, lehenik, ETA desegitea. Asko kostatuko zaigu, arrazoi askorengatik. ETAri zaila zaio gaur egun sorturik duen organigrama desegitea, eta organigrama horretako kideei bere bizimodua berregitea. ETAren aurka daudenei, zaila izango zaie exijentziei erantzutea. Oposizioko kideei, zaila izango zaie Gobernuaren erabakiekin ados etortzea. Gobernuei ere kostako zaie, alde batetik, ETArekin adostasuna lortzea, eta bestetik oposizioaren babesa jasotzea. Guztiei eskatzen diet partidu edo bere taldearen interesen gainetik gizartearen interesa jar dezaten, historiarako alaitasun hitz batzuk idatz ditzaten, eta belaunaldi bat geroago, oraingo zailtasunak ahaztean, emozionatzea posible izatea. Hori eskatzen diet, denei.

ETAri, ez dezala berriro gizartea desilusionatu. Eszeptizistei, ez dezatela ETAk berriro desilusionatzea eragin.

Armak entregatzen direnean, marko juridiko-politikoa izango gatazkaren zati bakarra. Orain, gatazka armatua, isilik bada ere, bizirik dago, eta guztioi dagokigu hori desegitea, guztiok behar eta nahi duguna baita.

ETA desegiteaz gain, marko juridiko-politikoaren definizio kontsentsuatua lortzea ere dugu helburu, belaunaldi baterako lasaitasuna ekarriko digun estatusa ezartzea, denon artean, modu baketsuan, demokratikoki baina denon artean kontsentsuaturik. Ariketa zaila, bakoitzak berea ematen ez badu, baina bakea eta normalizazio politikoa nahi baditugu, horrela behar du izan. Eta behin markoa ezarrita, demokraziak desberdintasunak eta eztabaidak suposatzen dituela onartu behar dugu, ezin dugu pentsa kontsentsuan bizi behar dugunik, baina bai behar dugu kontsentsua eszenatikia zein izango den erabakitzeko.


Bihartik aurrera mehatxatuak lasaiago irtengo dira etxetik. Baina oraindik ere eskutitz famatuak jasoko dituzte. Kartzeletan, oraindik ere, torturak eta dispersioa izango dira nagusi.
Baina etorkizunera begira, egoerak behartzen gaitu kemena izan eta aurrean dugun arazoa konpontzeko indartsu azaltzera, iragana ahaztu gabe baina gogoan izanez etorkizunerako nahi duguna ari garela eraikitzen gaur. Iragana oroitzeak ez ditzala etorkizunerako nahiak oztopatu.



2006ko apirilaren 12an BERRIA egunkariko Zuzendariari atalean argitaratua.


Utzi iruzkina: