Argazki perfektua
Irailean erabakiko omen zuen Udalak zein enpresak egingo duen Coliseoko ekipamendu teknikoa eta elektronikoa. Horretarako 1,7 milioi euro gastatuko dituzte. Azken hilabeteotan (urteotan esatera ausartuko nintzateke) obra zibilaz eta ekipamenduaz gora eta behera aritu dira herriko komunikabideak eta udal politikoak. Ez dut zalantzan jartzen ekipamenduari buruzko eztabaida garrantzitsua denik, inondik inora. Ekipamenduak baldintzatzen du edukina. Baina batez ere, azpimarratu nahi nuke edukinak baldintzatu behar duela etorkizunerako behar dugun ekipamendua.
Coliseoan inbertitzen ari diren diruak zer pentsatua ematen duelakoan nago. Ez dakit zer izango den Coliseoa. Baina badakit zer izan beharko lukeen. Herriko kultur ekoizpenari bultzada emango dion ekipamendua. Egun toki ez-egokietan egiten diren hainbat ekimenentzat etxe. Baina ekintza hauek bertan garatzeko beharrezkoak dira beste hainbat baldintza betetzea: musikariek bertan jotzeko, entsegu-lokalak antzeko soinu egokitzapena behar dute (Beistegi Eraikineko lokalarekin zerikusi gutxi duenak); hainbat antzerki egiteko txiki geratuko da, eta eszenatokiak ez ditu baldintza egokiak betetzen (eszenatokiaren kanpoko bi aldeak gaizki konektatuta daude). Egia da aurrerapen bat eskeintzen duela baina egia ere bada inbertsio nagusiagoak gabe agian errendimendu txikia ematen duela aztertu berri dudan puntu honetatik ikusita, behintzat.
Argi dagoena da horrelako inbertsio batek gaur egun dugun kultur agendari bizitasuna eman behar diola. Ezin pentsa genezake horrelako inbertsio batek ekoizpenean jarraikortasunik ez izatea. Etxea eraiki eta hutsik uztea litzake. Hainbat herritako ereduak jarrai ditzakegu, ala geure eredu propioa eraiki. Kontua da ereduak begiratu aurretik helburuak ezarri behar direla, eta oraindik ez dugu publikoki entzun zeintzuk diren Udalaren helburuak.
Ez dakigu zer eskeiniko digun Coliseoak. Badakigu Musika Bandaren kontzertuak, noizbehinka antzerkia, eta zinema ere izango ditugula. Baina hori orain ere badaukagu, Coliseorik izan gabe. Pentsatu nahi dut inbertsio guzti hau musika, antzerki, jardunaldi, hitzaldi eta Eibarren antolatzen diren beste hainbat kultur eta aisialdi ekimenen aberasgarritasunaren mesederako izango dela. Baina hori oraingoaren hobekuntza da. Diru larregi, akaso, hobekuntza horientzat. Zer berri ekarriko digu? Agian orain eta Maiatza bitartean Vocentoren egunkariren batek jakinaraziko digu. Ala agian berri bakarra Coliseoa ireki digutela izango da. Ministroren baten bisita eta bizpahiru hilabete gerorako egunkarirako argazki perfektua. Argazki perfektuak, eta bere ondorengoak, kultur politika aberats batek baino balio handiagoa du, politikan, behintzat.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: