48 ORDUAK (berrian, 06/11/12)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2006-11-29 18:00

Non geratu dira 35 ordutako lanaldiaren aldeko aldarrikapen eta borrokak?. Estatu frantsesean Jospin-en gobernuarekin lortutakoa dagoeneko indargabetua dago eta Europako Batasuneko instituzioetan lanaldiari buruzko eztabaida mahai gainean dago 2004az geroztik, 1993/104/CE Arteztarau edo Direktibaren berrikuspena dela eta.

Europear Instituzioen funtzio legegilearen matazan ez galtzeko egin ditzagun bi aipu. Batetik, funtzio legegilea Europako Parlamentua eta Ministroen Kontseiluaren esku dago. Bitartekaritza lanak Europako Batzordeak egiten ditu proposamenak helaraziz eta bi erakundeen arteko adostasuna landuz. Hortaz proposamen bat bai Parlamentutik, Bai Kontseilutik igarotzen da, eta bigarren bueltan akordiorik lortu ezean batzorde mistoa osatzen da. Bestaldetik, Arteztaraua Estatuen arautegiaren gainetik dago eta pertsona fisiko zein juridikoek beronen ezarpena eska dezakete auzitegietan..

1993/104/CE Arteztarau honi dagokionez, Europako Batasunean asteko gehienezko lanaldia 48 ordutan ezartzen du. Baina Erresuma Batuaren onespena lortzeko salbuespena sartu zen, Opting Out klausula izenez ezaguna: langilea eta enpresaria ados jartzen badira, gehienezko muga hori gainditu daiteke, baldintza formal batzuk betez. Arteztarau hau hamar urteko epean berrikusiko zela erabaki zenez, 2004an lanaldiari buruzko eztabaida agendan sartu zen.

Hamahiru urtetako esperientziak erakutsi du, salbuespen hori egoera berezietara mugatu beharrean, erabilpen orokorra irabazten ari dela. Italia, Frantzia eta Alemanian medikuen kasurako erabiltzen da. Luxenburgon ostalaritzan ere. Cambridge-ko Unibertsitatean egindako ikerketa batek erakutsi du Erresuma Batuan erabilera % 33an igo dela Areztaraua indarrean jarri zenetik hona; egun 4 milioi langilek 48 ordu baino gehiago egiten dutela lan astean; erabilera orokortzeko bidean dagoela langileen % 33ak Opting Out klausula sinatu duelako, nahiz eta gero praktikan erdiak baino ez gauzatu; akordio hauek ez daudela langilearen borondate askean oinarriturik; eta azkenik, lanaldiaren luzatzeak langileen osasunari, segurtasunari eta familiako bizitzaren eta lanaren arteko kontziliazioari kalte nabarmena dakarkiela.

Hau ikusita iazko maiatzean Europako Parlamentuan Arteztarauari hainbat aldaketa egitea onartu zen. Tartean salbuespen honi baldintza gogorragoak ezartzea, eta garrantzitsuena, hiru urteren buruan opting-out klausula desagertaraztea.

Gainera dezagun Arteztarau honetan badagoela beste gai oso garrantzitsua. Batzordeak eta Kontseiluak lantzen ari diren zirriborroan, lantokian prest edo disponible egon beharreko denboraren tarte inaktiboa ez da lan denbora kontsideratzen, Estatuko arauek kontrakoa ez esan bitartean. Honek esan nahi du ospitalean goardian dagoen medikuari lotan edo lana egin gabe igarotzen duen denbora lanaldi gisa ez zenbatzeko aukera dagoela. Irizpide hau Europako Tribunalak emandako sententzien aurkakoa da, bertan lanpostuan igarotzen den denbora guztia lan denbora kontsideratzen baita, lana egin ala ez. Irizpide ezberdintasun honen mamia zeran datza: Kontseiluari literalki irakurriz, adibidez ileapaintzaileek, tabernariek, enpresetako biltegietako langileek edota dendetako saltzaileek bezeroa edo lana iritsi zain igarotzen duten denbora inaktiboa ez litzateke lanaldia izango eta ondorioz, ordaindu ez beharrekoa.

Orain Europako Kontseiluaren txanda da. Gaia dagoeneko bost presidentzien eskutik pasatu da –Herbehereak, Luxenburgo, Erresuma Batua, Austria eta aste honetan Finlandia- eta adostasunik ez dago. Hori gutxi balitz Kontseiluan eztabaidatzen ari dena iazko Europako Parlamentuaren erabakiatik oso urrun dago. Hortaz, lege berria luzatzen den bitartean, aldatu nahi den 1993/104/CE Arteztarauak indarrean darrai, jarrera neoliberalen pozgarri.

 


Utzi iruzkina: