INMIGRAZIOAREN ONURAK (Berrian - 05/10/16)
Penintsula helburu duten hainbat afrikar inmigrante, milaka kilometrotako bidaia egiten dute Senegal, Niger, Mali, Nigeria, Camerun, Chadetik abiatuta. Guk tamainako balentria egingo bagenu Kirolez Kirol saioan entrebista lortuko genuke, herriz herri diaporamak egingo genituzke eta Pirenaica, Desnivel eta antzeko aldizkarietan argazki ederretan azalduko ginateke. Darwinismo soziala aldarrikatzen duten neoliberalek noski, koherenteak izateko, etorkin hauei enpresa departamentuetan gutxienez maila ertaineko lanpostua eskeini beharko liekete.
Ceuta eta Melillan azken asteotan gertatu dena komunikabideek eta politikoek neurriz kanpoko arazo bilakatu dute “olde” hitzaz kalifikatzen hasi direnean. Kasu honetan neurriz kanpoko bakarra, etorkinek pairatzen ari diren sufrikarioa denean. Estatu terrorismoaren adibidea. Ezin baita giza oldetzat har milakako batzuk muga pasatzea, paterak eta eskailerak erabiltzen dituzten etorkinek estatu espainolera datozen etorkin guztien ehuneko 5a soilik suposatzen duenean. Etorkin gehienak Pirineoak gurutzatuz edo abioiaz datoz.
Azken hogeitamar urtetan mundu mailan inmigrante kopurua 72 miliotik 175era igaro da eta hauetarik ehuneko 60a herrialde aberatseruntz jotzen du. Urtero 1,67 bilioi euroko aberastasuna sortzen dute eta Europan gertatzen ari den populazioaren zaharkitzea geldiarazten lagun dezakete. Gainera lan merkatuen langile eskaria asetzen dute. Ikusi besterik ez dago hostalaritzan, eraikuntzan, nekazaritzan, etxeko lanetan nork diharduen. Berez paperik gabeko etorkinak erregularizatu egiten dira bizpalau urteren buruan lan merkatuak xurgatzen dituelako. Eta etorkizunean ongizate estatuaren eta seguritate sozialaren ustezko haustura arriskua gutxiagotzen dute ordaintzen dituzten zerga eta kotizazioen bitartez. Eta jakintsuak bagina beste kultura batzuetara, etxetik mugitu gabe, bidaiatzeko aukera aprobetxatuko genuke.
Bestalde, etorkinek bere senitartekoei 125.000 milioi euro bidaltzen diete eta kantitate honek, herrialde industrializatuek Garapenerako Laguntza Ofizialera dedikatzen dioten kopurua hirukoizten du. Halaxe dio Nazio Batuen txosten berri batek. Baita ere, etorkizunean fenomenoak gora egingo duela “munduko eskualde ezberdinetan ezberdinatasunak etengabe handitzen ari direlako garapen, demografi eta demokraziaren alorretan”.
Komunikabideetan migrazioa arazotzat soilik jotzen da, zuzena ez dena. Etorkinak lana egiten duelako, zergak ordaintzen dituelako, Estatuaren mantentzean laguntzen duelako, munduko ekonomia aktibatzen duelako. Baina hori ez da notizia. Bestalde, herrialde industrializatu ugari derrigortuta dago, arrazoi demografikoak medio, etorkinak jasotzera. Horregatik baino ez bada ere etorkinari aitortu beharko litzaioke garapenean eta pobreziaren aurkako borrokan duen eragin eta zeregin positiboa. Kolonizatzea, merkataritza desorekatua, kanpo zorra eta beste hamaika arrazoiengatik herrialde txiroekin zor historikoa dugula onartzea zaila bazaigu bederen.
Eta lotsa ematen duena zera da: argudio ekonomikoak erabili beharra inmigrazioa justifikatzeko, eskubidetzat hartu beharrean. Baina gizarte honetan aspaldi jarri genuen pertsona merkatu-ekonomiaren zerbitzura.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: