HISTORIA EZ DA AMAITU (Berrian, 06-01-08an)
Francis Fukuyamak dio: “Estatuaren eraikuntza defendatzen dut munduko komunitatearen gai garrantzitsuenetako bat bezala, Estatu ahulek edo arrakastarik gabekoek munduak pairatzen dituen arazoetako asko sortzen dituztelako: txirotasuna, ihes-a, drogak edo terrorismoa”. Halaxe dio Fukuyamak bere azken liburuan. Hamabi urte lehenago, historiaren amaiera, sozialismoaren amaiera aldarrikatu zuen autore berak, neoliberalismoaren eta globalizazioaren garaipen erabatekoa goraipatu zuenak.
Hauxe bitxia! Globalizazio neoliberalak sorturiko deskalabruen itzalean Estatuaren zereginaren hausnarketa sortu ote da?. Fukuyamak esandakoari merezitako garrantzi murritza emanik ere, badira beste zantzu interesgarriagoak. Joera argia azaltzen ez badute ere, azken bi hamarkadako ohikerian ñir ñir egiten dutenak.
Evo Moralesek Boliviako hauteskundeak irabazi ditu energia industriaren nazionalizatzea ikurtzat duen programa politikoarekin.
Argentinak eta Brasilek Nazioarteko Diru Funtsarekin dituzten zorrak behingoz eta bapatean kitatzea erabaki dute. Arrazoia independentzia politiko gehiago lortzea. Ez da harritzekoa. NDFk kanpo zorraren bernegoziketetan planteatzen dituen egokitze planen osagaiek Estatua ahultzeko balio baitute. Horretara bideratzen dira pribatizazioak, atzerriko kapitalarentzat askatasun osoa, tarifa publikoak igotzea eta kanpo merkataritzaren liberalizazioa. Kitatutako zor horiek kanpo zor guztiaren ehuneko 7a soilik suposatzen duten arren, politika ekonomikorako askatasun tartea zabaltzean du bertutea. Gainera ondo lotzen da MERCOSUR indartzearekin, Bush-ek bultzatzen duen ALCA izeneko integrazioaren aurrean. Duela gutxi Venezuelarekin egindako akordioen bitartez besteak beste.
Aipaturiko herrialdeek 70. hamarkadan esparru publikotik aurrera eramandako industrializatze esperientziak ezin ditugu ahaztu. Nahiz neurri handi batetan porrot egin, egun beste oinarri sendoagoak daude eta ez dira gutxietsi behar hirugarren munduko hainbat herrialdetan antzeko esperientzien arrakasta. Argiena Asiako ipar-ekialdean gertatutakoa. Japonia, Hego Korea edota Taiwaneko industrializatze prozesuak ezin dira ulertu sektore publiko enpresarialaren eragina gabe. Hauetan politika industrial eta teknologikoa biziki indartsua eta eraginkorra izan baitzen. Eta une honetan gehien hazten ari den ekonomia Estatu kapitalismoa deritzan eredu batetan oinarritzen da. Txinan hain zuzen ere.
Bestalde, Banku Zentralen independentziaren egokitasunarekiko zalantzak zabaltzen ari direla dio Joseph E. Stiglitzek, Munduko Bankuaren presidenteorde ohiak. Bere iritziz, “politika makroekonomikoa eta politika ezin daitezke dibortziatu: kontsesioak tartean sartzen dira eta talde ezberdinei era ezberdinean eragiten diete”. Erizpide horren gainean balora daiteke Europako Banku Zentralaren azken interes tipoaren igoerak Alemania eta Frantziako estatuetan jasotako kontrako iritzia.
Merkatuarekiko konfindantza itsua kolokan jartzen ari ote da?.Dena den, arazoa ez datza soilik Estatuan, ahula edo indartsua den, gizartearen egituran eta botereen arteko korrelazioan ere bai. Fukuyamak haseran aipatzen zituen gaitzei aurre egiteko hona hemen ihazko urtean gehien aipatua izan den zientzilariak 1948an esandakoa, antikomunismoa hedatzen ari zen garaian bertan: “Ziur nago gaitz larri hauek ezabatzeko modu bakarra dagoela, ekonomia sozialista ezartzea, helburu sozialetara norabideraturiko hezkuntz sistemaz lagunduta. Hala ere, gogora ekarri behar da ekonomia planifikatua ez dela oraindik sozialismoa. Ekonomia planifikatua gizabanakoaren esklabotzarekin bateragarria izan baitaiteke”. Albert Einsteinek sinatua.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: