ERREGAIAK (Berrian, 2007-02-04)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2007-03-19 13:31
1

            Naomi Klein No Logo liburuan ekonomiaren desmaterializazioaz aritzen zaigu esanez lehen munduan ekoizpen prozesuak desagertzen ari direla eta egun balio erantsiaren gakoa marka komertzialetan eta beroiei lotutako faktore ukiezinetan datzala. Azterketa oso partziala iruditu zitzaidan irakurri nuen garaian. Analisi hori Nike bezalako kontsumorako manufakturetan baliagarria izan badaiteke ere, beste jarduera adar ugaritan eta batipat munduko ekonomian Estatu baten posizioa eraikitzen duten ekoizpen teknologikoetan tokiko ekoizpenak eta fabrikak garrantzia kontserbatzen du. Tankera berdineko azterketak somatu ditzakegu post aurrizkiaz sorturiko kontzeptualizazio gehienetan. Gizarte post-industriala, postmodernismoa, postaylorismoa edo postfordismoa bezalako hitzek aurrekoaren ukazioan edo gutxiespenean dute euskarria, agian ahultasuna dutelako berritasunaren izaera asimilatzen edo esplikatzen. Batzuetan badirudi literatura akademikoak ezer berria ekarri nahi duenean, lupa eta batzuetan mikroskopioa horrenbeste gerturatzen duela basoa bere horretan dirauenik ahazten duela.

            Honen arira aipatu dezagun munduan ematen den paradoxa. Informatika eta telekomunikazioen hedapenean oinarritzen den “ekonomia berria“-ren (hori bai dela adjektiboaren zehaztapen-ahalmena!) garai honetan, mikroelektronikak, bioteknologiak, nanoteknologiak eta tamainako ondasun sofistikatuez asetzen zaigun garai honetan, ekonomiaren motorra zerbitzuak bilakatu omen diren garai honetan, ez al da paradoxikoa munduko geopolitikan adierazpen gatazkatsuaz edota armatuaz janzten diren gertaerak duela mende bat edo bi gertatutakoen arrazoi berdinetan oinarritzen jarraitzea?. Lehengaien hornikuntzan alegia.

            Kasu nabarmenena Irak-eko inbasioa da. Bush-en adminitrazioak egindako lehen mugimenduei erreparatzea besterik ez dago: petroleo eremuen kontrola hartu eta dolarraren nagusitasuna errestarazteko, eurotan egiten zen Elikagaien truke Petrolioa Programa amaitu, irakiar kontuak dolarretara itzuli eta petrolioa dolarretan soilik saldu. Sadam Husein-en bide berbera hartu du Iranek. 2006ko Martsoan eurotan funtzionatuko duen Iranian Oil Bourse ireki zuen eta 2007tik aurrera bere merkatal trukeetan dolarra baztertu eta euroa erabiliko duela esan berri du iraniar gobernuak. Programa nuklearra aitzakia baino ez dirudien gatazka honetan Iranek beste proposamen pozoitsu bat luzatu du, kasu honetan Errusiari, LPEE (OPEP)-aren antzera gasa kontrolatuko duen elkartea sortzeko, beraiek baitira erreserben erdia duten herrialdeak. Eta guzti hau adibidez Endesa-Eon fusioarekin lotuta dago, Europear Batasunak hiruzpalau talde energetiko erraldoi nahi baitu energi iturrien hornikuntzan botere monopsonikoa lortzearren, etorkizun hurbilean elektrizitatearen sorkuntzan teknologia liderra gasaren ziklo konbinatua izango baita. Kontestu honetan ulergarria da Errusiak Ukrania, Georgia eta Bielorrusiarekin izandako gatazka energetikoa edota Argeliarekin estututako harremanak Europear Batasunean sortu duten kezka. Mexikon oinarrizko elikagaia den artozko taloaren garestitzeak sortu dituen erreboltak ere eremu honetan uler daitezke, bioetanola kotxeetarako erregai ordezkari bezala indartzen ari den heinean artoaren prezioa gora egiten duelako. Agerikoa da erregaien aldaketak ze nolako eraldakuntzak ekarriko dituen ibilgailuen motorretan eta ondorioz sektorearen teknologiaren berrikuntzan.

Eta galdera potologoetara joanda, zer gertatuko da globalizazio produktiboarekin baldin eta hamarkada gutxien bueltan energi iturburu merkea agortzen bada?. Energi iturri ordezkaririk asmatzen ez den bitartean garraio merkearen eragina ahultzen bada, mugikortasuna murriztu egingo da. Eta zenbaiten ustez, deslokalizazioaren fenomenoa ere bai.

kaos

kaos 2007-03-19 17:06 #1

<p>Asko gustatu zait zure idatzia.</p>

<p>Ez al duzu uste energi ituri ordezkaririk aurkitu eta garatua dagoenik? </p>

<p>Ez al zaie komeni globalizazioaren globalizatzaileei petroleoaren monopolioa azken muturrerarte eraman eta krisi egoera etengabea astakeriak egiten jarraitzea?</p>


Utzi iruzkina: