EAJ (Berrian, 2006-12-10)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2006-12-11 18:30

Ulertzeko zaila gertatzen da abiatu den gatazka konpontzeko prozesuan nola EAJk ez duen jarrera soberanistagorik hartzen, nola PSOEren itzalean kokatzen duen bere burua eta indarren batuketa profitatu beharrean aktore soberanistaren posizioak ahultzen saiatzen den. Ez da ulergarria, prozesu honetan kudeaketa politikorako eskumen gehiago lorgarri bilakatzen den eszenarioa irekitzen delako.

Ez dirudi ordea, euskal burgesiaren ordezkaritza politikoak interesik duenik horretan. Eta ez da ulergarria hamarkadak pasa dituelako egitura autonomiko honen gabeziak eta tranpak nozitzen eta hala-hola gainditu nahian. Adibideak ugariak dira: transferitu ez diren seguritate soziala eta enplegu politika aktiboak; Kontzertu Ekonomikoaren gain dagoen mehatxua eta bere ahalmen normatiboaren ahuldadea, armonizazio fiskala inposatzen duen Kontzertu-Legearen 3. artikuluaren ondorio, eta ez edozeinek Auzitegi Gorenean errekurritu dezakeelako; eskuduntzen transferentzia geldiaraztea suposatu zuen LOAPA; errekonbertsio industrialean izandako hutsaren pareko partehartzea, eta La Naval eta abarren kasuan oraindik jazotzen ari dena; oinarrizko legeak gero eta zentralistagoak bilakatzea, aurrekontu-egonkortasunaren legean edota menpekotasun lege berrian ikus daiteken bezala; Hobetuz-ekin sorturiko gatazka; negoziaketa kolektiboa zentralizatzeko joerak; urtero pairatzen dugun balantza fiskal defizitarioa eta ondorioz instituzioek kudeatu beharreko dirutzaren murrizketa; Europan hitz propioa izateko ezintasuna; politika industrialean dauden ezintasunak; energian, telekomunikazioetan zein garraioan eremu erregulatzaile propioak ezartzeko ezintasunak; I+G esparruan dauden mugak, eta aireportu, kai edota trenbide azpiegituretan irudikatzen den Madrilekiko menpekotasun osoa.

Ibarretxeren planean, Konstituzioaren 149. artikuluak Estatuaren esklusibo bezala definitzen dituen 32 eskuduntzetatik 21 kentzea eta erakunde autonomikoari ematea proposatzen zen. Esklusibotasunak, ahalmen arau-emaile osoaren –oinarrizkoa eta erreglamenduzkoa- eta ahalmen exekutiboaren jabe egitea suposatzen du gure ekonomian globalizazioaren eragina maneiatzeko garrantzitsu diren hainbat gaietan. Horien artean, legegintza laborala, jarduera ekonomikoaren plangintza orokorra, ogasuna, ikerketa zientifiko eta teknikoaren suspertze eta koordinazioa, seguritate sozialaren legegintza eta erregimen ekonomikoa, arrantza, garraio eta komunikazio azpiegiturak, eta energia merkatuaren arautzea. Honakoa baldin bada eskuduntza jomuga, estatutu erreformaren bidea antzua da, Kataluinako Estatutuarenak ongi erakutsi duen bezala, alderdiek adostutako eskumen maila sistematikoki beheratua izan baita Madrilen.

Apustu ezberdina ez egiteko arrazoiak badira lau herrialdetako esparru instituzionalean automatikoki bigarren indarra bilakatzen dela, horrek dakarren botere politikoa galtzeko arriskua, eta Kataluinaren antzera beste gehiengo politiko batzuk sortu daitezkela, gutxietsi egiten dute beste parametro batzuk. Kudeaketa galtzeko zoria hor badago ere, marko berrian berkokatzen asmatuz gero, zentro-eskubiko indarrak metatzeko erreferente bakarrean bilakatzeko aukera zabaltzen zaio PP eta UPNren kaltetan. PS-Batasuna koalizio aukera ez da estrategikoa EHPS independentista bilakatzen ez den bitartean. Eta are, independentismoa indartzen den testuinguruan Estatuari beharrezkoago izango zaio hori galgatuko duen indar abertzalea, eta historiaren arabera, jokaleku horretan urrea eta ilargia eskatzeko posizioan legoke. Aldiz, Estatuaren aldeko hautua orain egingo balu, CIUren bidea jarraituz, urrea eskatzeko moduan egon daiteke baina ez ilargia.


Utzi iruzkina: