Zuekin inoiz ez
Joan zen urtean Hondarribitik bueltan Erraondo aldizkarirako idatzi
nituen lerroak berreskuratzea erabaki dut. Gaurkotasun ber-bera dute,
urtebete beranduago. Ordutik hona ñabardura ttiki bat baino ez dago:
“Zuekin inoiz ez” leloa “Zuekin iñoiz ez” leloagatik aldatu dutela!
Zuekin inoiz ez
“Zuekin inoiz ez”. “Ez gara zuek ikustera etorri”. Gisa bereko pankartekin hartu zituzten ehundaka hondarribitarrek euren bizilagunak, herritarrak. Horiekin eta plastiko beltzekin egindako metrotako hesiekin. Lotsagarria. Deitoragarria, guziz. Baztertzailea. Baztertzeko modukoa.
Hondarribiko eta Irungo alardeetakoak marka guztiak hautsiko ditu. Gizartea zatitua dagoela, eta horren isla dela erranen dute aunitzek. Baina, behingoagatik, instituzioek esku hartu behar dute. Lotsagarria eta salatzeko modukoa da Irun eta Hondarribiko Udalek duten jarrera. Herritarretako batzuek aukeratua izanen da, gehiengoa izanen dute, baina gainerako herritarrek ezin dute onartu demokraziaren izenean mintzo diren agintarien bazterketa eta bekoizkeria. Badira zenbait eskubide ez direnak eztabaidatzen ahal. Eskubide dira, eta kitto. Eta horien artean dago gizon eta emakumeok berdinak izateko dugun eskubidea. Gizon baten eta emakume baten botuak berdin balio duten bezala, edota zergak berdin-berdin ordaintzen ditugun bezala, betebehar eta eskubide berak aitortu behar zaizkigu. Ez bakarrik aitortu, betearazi baizik.
Eta Irun eta Hondarribiko alkateek ez dute inolako bitartekorik paratzen bazterketa hori saihesteko. Are gehiago, bazterketa horren eragile eta bultzatzaile dira euren erabakiekin.
Eta goitiago joz ere, Legebiltzarrak onartutako Berdintasunerako Legea betearazi behar du derrigorrean, tinko, Eusko Jaurlaritzak. Ez da aski hamarnaka ertzain joatea “normaltasuna” bermatzera, “manifestazioa egiteko eskubidea ziurtatzera”. Kokoteraino nago jarrera horiekin. Tratu txarrak eragiten dituzten gizonak, emazteak hiltzen dituzten senarrak justifikatzea bezalakoa da. Ez lehendakaritzatik, ez Emakundetik, ez berdintasunerako zuzendaritza sortu berritik, ez Alderdi haunditik ere. Ulergaitza da nola bidaltzen diren Ertzainak euskal presoen aldeko manifestazio bat desegitera, eta pertsonen, emakumeen duintasuna eta bestarako eskubidea ezkutatu nahi dutenei inpunitate osoz besta boikoteatzen, ezkutatzen uzten zaien. Intolerantziaren ikurrik latzena da.
Hondarribiko plastiko beltzaren gibelean ezkutatzen diren koldarrei, Irun eta Hondarribiko alkateei, etxeko-lanak egiteko gaitasunik ez duen Emakundeko zuzendariari, Ibarretxeri... gizon eta emakumeen arteko berdintasuna arlo guztietara zabaltzeko ahaleginak egiten ez dituzuen bitartean, “Zuekin inoiz ez!” erraten diet nik. Garoa, Patxi, Joxemi, Leire, Maite... eta gainerako guztiei, zuekin izanen naiz beti, ekainaren 30ean eta irailaren 8an, ertzainik gabe, irainik gabe, plastiko beltzik gabe desfilatzea lortzen duzuen egunera arte. Eta gero ere bai!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: