Gazte gara gazte, ta ez gaude konforme!
Hala zioen kantu ezagunak! Eta praktikan ere hala ageri da. Bai, bederen, nire inguruan. Iratzarri, Aralarko gaztedia, asteburuan “kontzentratuta” ibili da Gasteizen. Aurpegiengatik larunbat gaua luzea zela suma zitekeen. Baina, halere, lan franko eginak ziren, eta ongi merezitako parranda ere bai!
Fresko eta indartsu dabiltza. Lau talde aktibatu dituzte, Euskal Herriko taldeak koordinatzen ari dira... eta aipagarriena egin zitzaidan euren arteko harreman ona eta giro ezin hobea. Gazteago nintzenean horrelakoetan parte hartua naiz (euskararen munduan), eta ilusioa, ikasteko grina, mundua aldatzeko aldarrikapena... gose hori bera berreskuratu nuen atzo. Ez naiz hain zaharra, baina ez ditut 18 urte!
Gonbita egin zidaten igande eguerdirako. Ni ere bestondo pixka batekin ailegatu nintzen. Diskurtsoa eman beharra nuen. Protagonistak eurek ziren, eta ez nintzen luzatu. Komunikabideen aitzineko agerraldia egin genuen, eta ondoren, bazkaritara. Aurrekontuak agintzen zuen (gazteek soinua hanketan, dantzarako, baina poltsikoa, hotz!). Txinatar jatetxe batera joan ginen. Mahaian, kasualitatez, gazteenetik zaharrenera paratu ginen alde batetik bertzera. Ni bazter batean nengoen, baina ez bazter-bazterrean!
Politikaz jardun ginen, baina baita bertzelakoetaz. Harritu ninduen gazteek politikarako duten grina, gogoa... Aitortuko dut euren adinean (alegia, orain urte guti) ez nuela nik horrelako grinarik, horrelako pasiorik, eta horrelako formakuntza eta ibilbide politikorik! Badugu nork ordezkatuko gaituen!!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: