Entzutegian
Ezaguna da egungo gizarteetan irudiak hartu duen indarra. Hitzak bezainbertze, edo gehiago, maiz. Ikusi bertzerik ez dago, azkeneko urteotan Euskal Herrian adierazpen askatasunaren eta informazio eskubidearen inguruan izan diren salaketa nagusienak –komunikabideen itxieratik haratago- irudiarekin lotutakoak izan dira.
Ez gaitu harritzen, tamalez, Espainiako Entzutegi Nazionalak kazetari eta irudigile/irudi hartzaileen aurka, behin eta berriz, hartzen dituen neurri eta zigor eskaerak.
Azkena, Deiako Jose Antonio Rodriguez eta Javier Ripa, eta Nicola Lococo idazlearen kontrakoa. Doala, aurretik, eurenganako elkartasun osoa. Bertze behin galdetu beharko diogu estatuari zein irizpide erabiltzen duen adierazpen askatasunaren muga gainditu dela azaltzeko. Non dagoen kritika eta irainaren arteko muga. Nork erabakitzen duen hori, eta zein neurri hartzen diren horrelako “ustezko” urraketa baten aitzinean.
Eta zergatik ezin dugun Espainiako koroaren jarduna kritikatu, gaitzetsi, zalantzan paratu, deitoratu... edo derrigorrean onartu eta begi onez ikusi behar ditugun geure egiten ez dugun koroko kideen jarduna. Eta umorea egiteko ere ezin den erabili milioika euro eskuratzen dituen eta gainerako herritarren bizimodu eredutik urrun bizi den klase soziala.
Irudiaren edukia bera baino Espainiako Erregea izatea protagonista da arazoa. Kultur munduko kidea, politikaria, herritar soila... balitz protagonista, inongo arazorik ez luke paratuko Auzitegi Nagusiko epaileak. Eta ez da ohartzen, hilabete bukaerara ailegatzea gero eta gehiago kostatzen zaion gizartean, komunikabideei dagokiela, gutienez, denon diruarekin Errusiara ehizara doan pertsonaren jokaera zalantzan paratzea, kuestionatzea.
Askatasunetan oinarritutako gizarteetan, demokrazia barneratua duten instituzioek ez lukete inolako mehatxurik antzeman beharko, beldurrik izan beharko, umoretik, egunkari bateko zutabetik, komiki-tiratik egindako aipuari, kritikari, satirari.
Baina Koroaren beharraz, paperaz eztabaida bera ere onartzen ez duen estatu batek, nekez onartuko du erabateko prentsa askatasuna, adierazpen askatasuna. Eta benetan, erregearen irudiarengan kaltea eragin duelako auzipetu dituzte, edo epailearen protagonismo beharrak eraginda?
Eta kaltetua irakurlea, prentsa askatasuna bera, komunikabidea. Baina bereziki bere lana konpromisoz egiten diharduen kazetaria, irudigilea, argazkilaria. Gaur, ni ere, Entzutegi Nazionalean egonen naiz, buruan bada ere.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: