Arpa-jotzea; 250 musikari dantzan
Gaurko Berrian nire iritzi artikulu hau argitaratu dute:
Agur erran digu Mikel Laboak. Mina eta oinazea nabaritu dugu euskal
kulturan, eta musikagintzan, bereziki. Hil ondoren ohikoak diren
erranerak aditu ditugu han-hemen egunotan. Baina ezin ukatukoa da Laboa
izan zela euskal musikagintzari kanporako ateak zabaldu zizkiona. Bere
ekarpena handia, zabala, arriskatua, esperimentala, irudimentsua izan
da. Berak utzi gaitu, baina bere musika utzi digu. Eta musika egiteko
modu bat. Artista izateko modu bat.
Euskal Herritik kanpo jarduteko bidea ez da inoiz erraza izan.
Laboak irekitako bideari jarraitu diote hainbatek, gerora ere. Eta
gehienetan, bide hori bakarka egin behar izan dute. Norberak bere
sakelatik dirua paratuz anitzetan, arriskuak hartuz, bakardadeari aurre
eginez. Norberaren ilusioa eta musika ia-ia bidaide bakarrak izan
direla.
Euskal instituzioek ez dute orain arte musika nazioartera
zabaltzeko egitasmo handirik abian paratu. Ez musika, ez gainerako arte
espresioak ere. Bertzeak bertze, Euskal Herriko instituzioetako kultura
sailetan sormenak ez duelako lekurik. Ikusi bertzerik ez dago
aurrekontuetan ikuskari handiek zenbateko zatia daramaten sormenaren
ondoan. Eta hor dago arazoaren oinarri nagusia.
Euskadiko Soinuak programa izan da sortzaileak
nazioartekotzeko egitasmo bakanetakoa. Baina ez da apustu argirik egin.
227.065 euro bideratuko ditu musikarien artean partitzeko 2008an
egitasmo horrek, eta 230.000 euro daude aurreikusiak 2009ko
Jaurlaritzaren aurrekontu egitasmoan. Eta sormeneko gainerako atalak
nazioartean zabaltzeko ere ez dira oparoegiak: 120.000 euro
ikus-entzunezkoak zabaltzeko; 26.500 ikus-entzunezkoen
lan-poltsetarako; 144.650 antzerki zabalkunderako; 85.000
arte-galeriei... Gainerako instituzioetako zenbakiak are makalagoak
dira, eta gehienetan, nazioartekotze politiketarako ez dago
diru-partida propiorik. Etxepare Institutua ere noizbait iritsiko omen
da, eta ekinen dio bere lanari. Espero dezagun azpiegitura soila
mantentzeko baino, euskal kulturaren zirkuituak nazioartean zabaltzeko
baliagarri izatea. Euskal kulturaren zabalkundea ezin da arte diziplina
bakar batekin egin, eta are gutiago artista bakarrarekin. Euskal
kultura anitza eta zabala den neurrian, zabalkundeak ere horren isla
izan behar du.
Eta azaroko egun hotz baten, hotz utzi gaituzte Javier
Madrazok eta Miren Azkaratek. 702.000 euroko laguntza iragarri dute
Kepa Junkeraren proiektu baterako. Inolako lehiaketarik gabe.
Aurrekontuetan bildu gabe. Bi departamentuk parte hartu dute
egitasmoan. Kultura Sailak 230.000 euro bideratuko du egitasmorako, eta
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak gainerako 472.000 euroak.
Alegia, Euskadiko Soinuak programaren halako hiru!
Ez zait gaizki iruditzen Kepa Junkerari laguntza ematea.
Inondik ere. Alderantziz. Baina nekez justifika daiteke musikari jakin
bati gainerako guztien artean deialdi irekian banatuko zaien kopuru
hirukoiztea. Nahiz hiru urterako egitasmoa izan. Desproportzioa
bistakoa da. Berdintasun printzipioa apurtu egin da. Eta Kultura
Sailaren hanka-sartzea gehiago larriagotzeko, Etxebizitza eta Gizarte
Gaietako Sailak ginga paratu dio pastelari. Lankidetza,
interkulturalitatea, kultur aniztasuna... proiektu bakarrarekin landu
daitekeela erran nahi izan digute! Eta aniztasuna gaztelaniaz kantatu
ohi duten musikariak euskaraz aditzea dela sinestarazi nahi digute.
Zoriontzekoa da Azkaratek eta Madrazok kultura jarduerak
transbertsalitatez lantzea, bi departamentuek kultura zabaltzeko
programak elkarrekin lantzea. Zoritxarrez, gutiegi egiten da hori gure
administrazioetan. Baina behin eginen, eta hain baldar egin behar!
Ez da logikoa kultura ikuspegi batetik, euskal musika
sustatzeko programetara orain arte hain diru gutxi bideratu izan
denean, bat-batean pertsona bakarraren proiektu bati horrelako dirutza
bideratzea. Desproportzionatua eta neurrigabea da. Eta are
kezkagarriagoa, bertze anitzek baino erraztasun gehiago dituenean
nazioartekotze lana egiteko, duen ibilbideagatik, duen izenagatik.
Jaurlaritzatik erantzun dute, laguntza honek ez duela eraginik
izanen Euskadiko Soinuak programan. Bertzelako diru-partida dela hau.
Ez duela eraginik izanen gainerako musikariengan. Horixe behar genuen,
programaren dirua ere musikari bakar bati ematea!
Euskal musikak, gainerako diziplinetako sormen lan orok
bezala, behar-beharrezkoa du Euskal Herrian zein Euskal Herritik
kanpoko bere sustapena, zabalkundea eta promozioa, eta lan hori
ezagunak diren artistekin ez ezik, ezezagunak eta hasi berriak
direnekin ere egin beharra dago.
Sormen lana bultzatzea ezinbertzekoa da edozein kultur
politiketan. Ulergaitza da nola duen aurrekontuetan hain pisu ttikia
sormenak, bertako artisten lanak; eta aldiz, zeinen erraz egiten den
apustu Guggenheim berri, orkestra sinfoniko, azpiegitura handi,
AC-DCren eta antzekoen ikuskari erraldoi eta gisako bertze
adierazpenekin. Ezaguna da artistak eta agintariak sekula ez direla
ongi moldatu, nagusiki bigarrenek lehenengoekiko duten beldurragatik.
Euskal Herriko kulturak, eta euskarazko kulturak, sormen
lanak, laguntza duinak behar dituzte. Benetako apustua egin. Zergatik
da posible orkestra sinfoniko batean ia zortzi milioi euro inbertitzea,
eta aldiz, gainerako musikarientzat 230.000 euro bideratzea?
250 musikaritik goitik administrazioaren arpa-jotzea ez dute
ulertu. 702.000 euro horiek dantzan paratu dute euskal musikagintza,
eta kulturgintza, oro har. Batzuk asaldatu gara. Baina betiko moduan,
kulturako jendeek politikaz deus guti dakigu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: