702.000 euro Junkerarentzat
Eusko Jaurlaritzak 702.000 euroko dirulaguntza iragarri du, Kultura eta Etxebizitza Sailen bidez, Kepa Junkeraren proiektuen nazionartekotze lanak egiteko. Gainerako artista guztientzat 230.000 euro partituko dira 2009an. Bidezkoa al da?
Zur eta lur, harrituta hartu dut albistea nik. Euskal musika berritzeko eta kanpoan zabaltzeko egitasmo gisa aurkeztu dute Kultura eta Etxebizitza Sailek. Proiektuaren xehetasun gehiago ez dute eman, baina nonbait, Kepa Junkeraren hiru disko eta bere promozioa zein nazioartean zabaltzeko da 702.000 euroko dirutza hori.
Ulertzea kostatzen da horrelako laguntza bat, *Euskadiko Soinuak* programaren bidez gainerako euskal musikarien zabalkunderako urtean 230.000 euro baino bideratzen ez direnean. Eta orain artista bakarrari gainerako guztiei batera emandakoa halako hiru emanen zaio, inolako lehiaketa edo deialdi publiko egin gabe.
Deigarria da guztiz, Kultura Sailarekin batera dirulaguntzaren kopuru handiena Etxebizitza Sailak jartzea. Kultur jardueren transbertsalitatea begi onez ikusten dudan arren, ulertzen zaila da elkarlan hori artista baten proiektu jakin batera baino ez bideratzea, eta ez euskal musikara, bere osotasunean.
Ez da logikoa kultura ikuspegi batetik euskal musika sustatzeko programetara orain arte hain diru gutxi bideratu izan denean, bat-batean, pertsona bakarraren proiektu bati horrelako dirutza bideratzea. Desproportzionatua eta neurrigabea iruditzen zait.
Euskal musikak, gainerako diziplinetako sormen lan orok bezala, behar-beharrezkoa du Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpoko bere sustapena, zabalkundea eta promozioa, eta lan hori ezagunak diren artistekin ez ezik, ezezagunak eta hasi berriak direnekin ere egin beharra dago. Politika horiek aurrerantzean diru gehiagoz babestuko direla espero dut.
Legebiltzarrean Aralarrek dirulaguntzaren gaineko informazioa eskatu du, eta artista guztiek beren proiektua aurkezteko bidea izan dezatela exijitu du, eta laguntza hori diruz ongi hornitua egon dadila eskatu du.
Euskal Kulturaren Plana eta Behatokia abian diren honetan, badirudi kultur politikak ez duela sakoneko aldaketarik. Eta dagoeneko izan du bere eragina neurri honek: Jabier Muguruzak utzi dio aholku batzordeko kide izateari.
Izan ere, nork emanen dizkio azalpenak Jabier berari, zein bere anaia Fermini, eta bertze hainbertze musikariri (SA, Berri Txarrak eta bertze aunitz!) euskal musika nazioartekotzen dihardutenean, eurek ez dutela horrelako dirutzetarako eskubiderik? Kaxet kontua ote?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: