Bertsoak
Hunkitzeko moduko bertsoak
Aitor Mendiluze andoaindarraren hiru bertso daude ondoren. Honakoa da gaia: erabat maiteminduta zaude neska batetaz. Badakizu droga arazo larriak dituela berak. Ezin duzu burutik kendu!
Sudurzulotik sator-zulora,
hilkutxa, meza, malko ta lora;
laburtuz zoaz horretarako
geratzen zaizun denbora. (bis)
Behin lortu zenuen droga,
egin zenuen aproba,
eta orduan gustora;
baina konforme ez eta hortan
jarraitu dezu gerora;
arrisku hori merezi badu
oso ona izango da. (bis)
Guraso jator batzun alaba,
daude ez irri ta ez algara,
gogorregia egiten ari
baitzaie azken bolada. (bis)
Ta inor kezkatzen bada,
berandu omen da jada;
betiko aitzakia, hara.
Saiatu egin omen zera ta
ezin omen duzu laga;
maite zaituzten guztien mina
baino gehiago al da ba? (bis)
Jada ez zaude zeure onean,
pozoia dezu zainen barnean
ta sinistu nahi ez duzun arren,
hilko zaitu azkenean. (bis)
Gainditu behar denean,
saitu gogor lanean
lagun denen izenean;
eta ez zazu beldurrik izan
larritzen zeran unean,
zure ondoan egongo bainaiz
hala behar nauzunean. (bis)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: