IRITZI ARTIKULUA / ARTICULO DE OPINION

irurtzunarakilgoahotsa 1456148031716 IRURTZUN-ARAKILGO AHOTSA | 2011-04-14 21:34

Maitatu, ikasi, ari,….. EUSKALAKARI.

Euskarak egiten gaitu euskaldun eta herri eta euskaltasunak, munduko.
Euskarak ez du baztertzen, batzen baizik; Euskal Herri osoaren eta euskal herritar guztien integraziorako baldintza da.

lotura hautsia

Korrikak Euskal Herriaren lurralde osoa zeharkatuko du euskaraz, euskal nortasuna eta kultura indartuz; herrietan egitasmo eta ekitaldi ugari eginez ekitaldiaren inguruan. Ongi etorria izan bedi, euskal erreferentziak ezabatzeko politika oso bat bideratzen ari direnean, Espainia-Frantziatik, Euskal Herriko gobernu ezberdinetatik eta UMP- PSOEtik.

«Euskal Herria» terminoa ez da ez hezkuntzan, ez komunikabideetan, ez diskurtsoan agertzen. Izena desagerrarazita izana ere galaraziko dutelakoan. Uste dute, hala, Euskal Herriko herritarren erabakitzeko eskubidea eragotziko dutela. Gaztelaniak Espainian eta frantsesak Frantzian duten estatus simetrikoa ukatzen diote euskarari. Helburua da, eguraldiaren mapatik bezala, euskal nazioa ezabatzea; ukatua eta zatitua edukitzea; gure herriaren akulturazioa eta asimilazioa iraunaraztea.

Baina ez dira garaiak etsipenezko konformismo fatalistan erortzeko. Europa mendebaldeko herririk zaharrena da gurea. Eta bizirik gaude sekulako zapalkuntza eta asimilazio prozesu baten ondoren. Euskarak egiten gaitu euskaldun eta herri eta euskaltasunak, munduko. Euskarak ez du baztertzen, batzen baizik; Euskal Herri osoaren eta euskal herritar guztien integraziorako baldintza da; munduko pertsona, kultura, hizkuntza eta herri guztien arteko berdintasuna eta integrazioa helburu; unibertsaltasuna eta uniformetasuna nahasi gabe.

Euskaraz biziko den Euskal Herria onura baita denontzat; ez du arriskuan jartzen norberak d(it)uen erdara(k); ezta erdal hizkuntz komunitateen iraunkortasuna euren lurralde historikoetan ere; eta munduko hizkuntz dibertsitateak gu geu izatea eta euskaldun irautea eskatzen digu, Euskal Herri osoan. Beharrezkoa da hizkuntz ekologiaren ikuspegi hori orokortzea; nahaspilatu gabe norberaren eleaniztasuna eta hizkuntz komunitateak desagertzea.

Aro politiko berrian ikuspegi berria eta hizkuntz politika berria. Euskarak eta euskaldunek aurrerapauso bat eman behar dugu eragin politiko zuzena izateko. Desagertzeko arriskuan, bi estatu handien mehatxupean eta bidegurutze politiko baten aurrean gure nazio hizkuntzaren garrantzia azpimarratzeko unea da. Ordua da estatuei esateko utz dezatela, behingoz, euskara, euskal- dunak eta Euskal Herria desagerrarazteko/menderatzeko obsesio setatia. Asimilazioa amaitzeko garaia da eta Euskal Herri euskalduna aukera berdintasunean demokratikoki lortzekoa.

Baldintza sozialak oso aldekoak dira, baina baldintza politikoak ez. Aldaketa politikoa behar dugu, hortaz. Herri gogoa indartu, marko demokratikoa eta burujabetza lortzeko; euskal estatua berreskuratzeko; beharrezko tresnak eskain ditzan, herritar eta eragile guztiek elkarlanean prozesu interaktiboa burutzeko; erdigunera jo eta euskararen erabilera beharrezkoa izan dadin Euskal Herri osoan.

Euskal Herri euskalduna ez da berez etorriko estatua izateagatik; baina gabe, galtzea ziurra da. Jarrai dezagun umorez eta konfiantzaz euskarazko erabilera zabaltzen Euskal Herri osoan, herritar guztien artean eta erabilera esparru orotan. Euskal Herria euskalduntzera goaz.

Eskerrik asko eta zorionak AEK-ri. Dei egiten diegu herritar eta eragile guztiei 17.

Korrika bultzatzera, bat egin eta inplikatzera; urte guztian «euskalakariak» izatera, egun oro Euskal Herriaren gutasuna lortzera.

KARMELE AIERBE. INAXIO AGIRRE. Ezker Abertzaleko kideak


Utzi iruzkina: