Aritz Gorrotxategi Deustun
Bihar, asteazkenean (azaroak 15), Aritz Gorrotxategi idazle donostiarra Deustuko Bidarte auzo-etxean egongo da, Kearen truke (Alberdania) nobelari buruz hizketan.
Aritz Gorrotxategik 31 urte ditu eta genero guztietan aritu izan da, berak idatziak baitira "Egurra Pinotxori" narrazioa, "Kafkaren labankada" nobela, "Taxi bat Hamlet-entzat" poema-liburua eta "Galtzontziloak autobusean zintzilik" kronika-liburua.
Hauxe da Alberdaniaren webgunean "Kearen truke" eleberriari buruz irakur daitekeena:
"Noraino
iristeko gai da maitale bat maite duen horren peskizan? Are, maite den
hori pertsona bat ez baina gauza bat denean. Liburu zahar bat
esaterako, inork inoiz ikusi ez duen liburu bat. Arraza aparteko bat
osatzen dute liburu zaharren maitaleek. Inor gutxi arduratuko litzateke
hirian agure baten heriotzagatik, bestela. Inor gutxi, agure horrek
sekretu ilun bat gordeko ez balu.
Sekretu hori argitzen saiatzen
da Samuel Elizalde ikertzaile ohia. Elizalde tipo garratza da, ezkorra.
Duela gutxi utzi dio erretzeari eta nostalgia zipitzik gabe begiratzen
dio inguruari. Inguruak ere sarritan itzultzen dio begirada hotz hori.
Ustelkeriaz zipriztindutako hiri honetan, besteak zauritzeko gaitasunak
mugiarazten du jendea. Ke artean aienatu edota itzal bihurtzeraino".
Bihar (azaroak 15), Deustuko gizarte-etxean, 20:00etan. Berbaizu elkartearen Irakurlearen Txokoan eta "Azaro, liburu aro" kanpainaren barruan.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: