Mandamentu EXTRAmodernoak (I)
Aurreko sarreran BERRItasuna zen nire klabeetako bat, eta hortik doa LEHEN mandamentu hipermodernoa ere, Iñigo Martinez Peñaren liburuan: "Bila ezazu berriena".
Oso liburu gomendagarria da, burua dantzan jartzen zaituena. Bi berritasun nabaritzen zaie mandamentu berriei, Bibliako zaharrekin alderatuta. Bat: zaharrak EZ adberbioaz agintzen zirela, gehienetan: "ez egin hori", "ez egin hura"... Berriak, berriz: "egin hau", "holakoa izan"... Eta bi: berriak gehiago direla, ia bi halako: 19.
- Ez al da bat falta? 20garren bat. Lehena, agian: "EXTRO izan!".
Tira, hori agindu hipermodernoa izan aurretik posmodernoa izan zen, eta aurretik modernoa, eta kastizoa ere bai. Nola lortu ote dugu INTRO jendeak aurrera egitea, lehia ebolutiboan? Latitude latino honetan, eta urtetan jainko yankeeen menpe ere!
- Azter ditzagun mandamentu berriak ikuspegi INTRO batetik.
1-"Bila ezazu berriena!".
Nobedadea, azken-azkena, fresko-freskoa, berehala zaharkituta geratuko da-ta... Ez al da joera EXTRO tipiko bat? Zerbait bizi edo jakin orduko, kontagai bihurtu, eta lehenbailehen bota. Hori omen da erantzun efektibo eta autentikoena: ti-ta ateratzen dena. Pentsatzen hasiz gero, faltsutu egiten da, edo berandu iritsiko da.
3-"Ez ezazu galdu denborarik!"
INTRO joera, berriz, bizipen eta ikasgaiak barneratu eta luze prozesatzea da. Ez dakizula noiz aterako den, zer. Hori ez omen da sanoa, hor barruan dena usteldu egiten da, are pozoitu. Gure martxa behartu egin behar, gure burua eta burutazioak saldu beharrez, merkatu EXTRO batean.
2-"Bidaia ezazue!".
Bidaiaria ala turista. Hori da erreferentziazko binomioa. Non geratu da, berriz, barne eta kanpo bidaien artekoa? Barne bidai bat norberak egin behar du; bestela, inork egin gabe geratuko da. Eta ezin dizu beste inork ofertatu, erreserbatu, gidatu... Gehienez ere, partekatu. Tarte bat edo beste. Nor bere bidean, azken jomuga auskalo non.
4-"Neur ezazu bizitza!"
Azkarregi noa? Jauzi gehiegi, ideia batetik bestera?... Hori da ideia: ez jarraitu nire martxa edo pausuei, segi zeureei! Eta nonahi gelditzea nahi baduzu, edo nondiknahi abiatzea, esan, lasai. Ez dago programazio itxirik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: