Heroi alferrak
Sakelakoak, maitatua eta gorrotatua, gure bizitza aldatu du.
Eta lehenago asmatu izan balitz, gauza asko aldatuko ziren, ipuinak ere bai. Izan ere, istorio gehienek urruntasuna, ez-topatzea eta inkomunikazioa dute ardatz. Zenbat klasikok hil egingo ziren jaio baino lehen! Eta batez ere, zein erraz konponduko ziren orain hain famatuak diren munduko fikzio istorio gehienak!
Esaterako, Penelopek sakelakoa eduki izan balu, ez zuen Ulisen etorrera urteetan itxarongo.
Mugikorrarekin, Txanogorritxok berehala abisatuko zion amonari otsoa haren atzetik zebilela.
Eta Gepettok, eskolatik abisua jasoko zuen Pinotxok piper egin zuela esanez.
Hansel - Grettelek eta Pulgarcitok deitu egingo zieten haien gurasoei galduta zirela azaltzeko, edo beharbada, Googlelek etxerako bidea erakutsiko zien, eta litekeena da, gurasoek umeak non dauden jakiteko app bat edukiko zuten.
Eta Julietak mugikorra edukiz gero, Romeori holako mezua bidaliko zion: “hilda banengo bzla egingo dut, baina enago hilda, ez kezktu ta ez egin txorakririk, muxu1”
Eta neure buruari galdetzen diot: Ez al da gauza bera gertatuko bizitza errealarekin? Inor heltzen al da garaiz zita batera, edo gehienetan geratzeko unea heltzen denean ezinbesteko deia jasotzen dugu berandu helduko direla esateko? Ez ote gara abentura zoragarriak galtzen ari beti konektatuta egoteagatik? Gutako norbait berriro ere etsituta eta korrika aireportura joango al da maitatzen duen pertsonari hegazkinera ez igotzeko esateko? Edo sofatik mezu penagarria bidaliko dio telefonoa itzalita ez zuelakoan esperoan?
Gure bizitza bizitasuna galtzen ari da, bizitakoa, idatzitakoa eta amestutakoa barne, gu heroi alferrak bihurtu garelako.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: