40 urteko krisia

ilargiarenjakinmina 1456147824642 Jakin-mina eta ilargia... | 2015-03-10 00:00

Betidanik entzun dugu 40 urterekin bizitzaren erdiko krisia jasaten dugula. Izan ere, gaztaroa pasata, ezinegona sortzen zaigu eta bidegurutze batean gaudela sentitzen dugu. Azkenengo ikerketen arabera, gure bizimodua eta bizi-itxaropena kontuan hartuta, gizonek 45 urterekin pairatzen dute krisia, emakumeak, aldiz, 50 urterekin hasten dira haren eraginak nabarmentzen. Gainera, edonori gerta dakioke, eta, dirudienez, denoi gertatzen zaigu: emakumeei zein gizonei, ezkonduei zein ezkongabeei, seme-alabak dituenari, zein seme-alabarik ez duenari, aberatsari zein pobreari.

Hain zuzen ere, inflexio puntu batean gaudela sentitzen dugu eta atzera begiratzen dugu. Ordura arte lortutakoaren balantzea egiten dugu. Familia, lagunak, lana, osasuna, bizitako guztia aztertzen dugu. Arlo batzuetan, ezinegona eta atsekabea sentitzen dugu, espero genuena lortu ez dugulako eta bizitakoak asetzen ez gaituelako. Antsietate hori saihesteko, gure bizitzako zenbait gauza aldatzeko gogoa dugu.

Hala eta guztiz ere, ezinegona ez da beti objetiboa izaten. Noizbehinka, nahiz eta objetiboki balantze positiboa izan, falta zaigunari ere erreparatzen diogu. Nire aukera guztiak onak izan al dira? Zer gertatuko ote zen bide hori jarraitu izan banu? Eta, zeintzuk dira betetzeko falta zaizkidan desioak?

Batzuetan, denboraren poderioz, adinaren arrastoak, maite ditugunen heriotzak edo gaixotasunak ezinegon sentzazio hori sentiarazten digute. Gaztaroan hilezkorrak garela sentitzen dugu, eta orain, denboraren eragina dela eta, konturatzen gara ezetz.

Bestetan, eguneroko gauza txikiek eta handiek eragiten digute animoan. Izan ere, lan eta diru kontuak kudeatu behar ditugu: besteak beste, lanaldi nekagarriak, helburuak lortzeko ezintasuna, bai gaindiezinak direlako, bai xede altuegiak jarri ditugulako.

Eta askotan, pertsonen arteko harremanak ez dira errazak izaten: bikotearekin tirabirak, lagunartekoak, edota seme-alabak hezitzeko zailtasunak ohikoak izaten dira gure egunerokotasunean.

Abesti ezagunak zioen moduan, hiru ardatz hauek, osasunak, diruak eta maitasunak, baldintzatzen dute gure bizitza. Eta guk hirurak mantendu, lortu eta sentitu nahi ditugu, hurrenez hurren.

Egoera berri honi aurre egiteko era asko dago, eta pertsona bakoitzak bere irtenbide propioak bilatu behar ditu. Aldaketetara egokitzeko ikuspuntua aldatu behar dugu. Lehenik eta behin, osasuntsu egoteko asmotan, gorputza zaintzeko grina birsortzen da, lehenengo txekeo medikoak egiten ditugu, elikadura zaintzen dugu, gure itxura gaztetzen dugu, behar dugun baina neurri gutxiagoko jantziak janzten ditugu, eta ariketa fisikoa egiten hasten gara berriro ere.

Bigarrenik, asetzen gaituen lana lortzeko asmotan, beste lan bat bilatzen dugu, aspaldian utzitako ikasketak burutzen ditugu, edota berriak egiten hasten gara.

Eta hirugarrenik, hainbat esperientzia bizitzeko eta lortzeko azken aukera izango balu bezala sentitzen dugu. Orain edo inoiz ez, pentsatzen dugu. Honen adibide batzuk hauek izan daitezke: hasteko, betidanik gustatu izan zaizkigun eta inoiz egiteko denborarik aurkitu ez dugun jardueretan ematen dugu izena. Jarraitzeko, hainbat pertsonak ondarea pilatzeko garaia heldu dela pentsatzen dugu: etxe eta kotxe berriak erosten ditugu, edo zirrara sortzen duten bidaia exotikoak egiteko grina sentitzen dugu. Eta bukatzeko, harreman berriak hasten ditugu, lagunartekoak eta zenbait kasutan, amodiozkoak. Harreman horien bidez, ihes egiten digun gaztaroa berpiztu nahi dugu, eta desioa berriro ere sortarazi eta sentitu nahi dugu.

Gauzak horrela, ez diogu iraganari bakarrik begiratu behar, etorkizuneko lehentasunak ere kontuan hartu behar ditugu. Honekin esan nahi dut aldaketak ez direla beti onerako izaten, eta noizbehinka, azkarregi hartzen ditugula garrantzitsuak diren erabakiak. Beraz, gauden garai honetako aholkua hauxe litzateke: eseri, hausnartu, eta onerako edo txarrerako diren aldaketak desberdintzen ikasi. Ondoren, aberasten gaiztuztenak aukeratu.


Utzi iruzkina: