Zalduondo-Urbia-Arbizu

Alberto Ibiltarixanak | 2013-07-03 00:00

Marti eta biok Arbizuko kanpinean gaude datorren astean katalanek egin behar duten bi ibilbide prestatzeko. Marti eta beste dozena bat lagun etortzekotan dira hurrengo asteburuan eta guk aurrez egingo ditugu ibilbideak, zailtasuna probatu eta bazkaltzeko tokiak aukeratzeko.

Lehen egunean Zalduondotik atera gara Urbiara joateko asmoz. Hasierako errepide hestua pista bihurtu da gero eta aldapa gainditu ondoren Urbiako aterpetxera iritsi gara. Ogitarteko bana jan eta berriz ekin diogunean zulatua izan du nire bizikletak eta kamara aldatu behar izan diot.

Basoa gurutzatuz ibilbide paregabean, San Adriango kobazulora iritsi gara eta oinez pasa behar izan dugu. Handik behera, garai bateko mendi aterpetxe parean eskubira egin dugu pista jarraituz. Berriz basoan sartu gara eta gorantza goazela, halako batean, nahastu egin gara eta beste bide bat hartu dugu. Beherantza goazela zuhaitz mordoa aurkitu ditugu erorita bidean eta kostatu egin zaigu aurrera egitea, baina atzera egiteko ere berandu denez, aurrera jo dugu nola ahala, zuhaitzak gaindituz. Azkenean hartu beharreko pista hartu dugu eta jeitsiera gogorraren ondoren Urdalur urtegira iritsi gara.

Gero Altsasura joan gara katalanentzat jatetxea aukeratzera. Handik, atletismoko pistatik zehar, Etxarriruntz jo dugu basoko bidetik eta kanpinean azaldu gara. Ondoren berehala iritsi gara Arbizuko kanpinera eta, dutxa eder baten ondoren, bertan afaldu dugu. Guztira ia 10 orduko itzulia izan da.

http://es.wikiloc.com/wikiloc/view.do?id=4237242


Utzi iruzkina: