Udazkenaz gozatuz Pagoetan zehar
Udazkena azkenetan murgilduta dago eta elurra goiz ikusi badugu ere gailurretan, azken asteak egun zoragarriak ekarri dizkigu. Gau eta goiz hotzak dauzkagu aste honetan baina egunez eguzkiak majo berotu ditu bazterrak. Halako egun eguzkitsua hautatu dut mendi ibilaldia egiteko Pagoetan zehar.
Aiatik abiatu eta Erniotxikitik Pagoeta mendira gerturatu naiz poliki-poliki. Bidean zehar artaldea utzi dut alboan niri begira. Ez dira izutu elkarren babesean. Pagoak eta haritzak biluztuz doaz udazken gorrian. Laster zuriz estaliko ditu neguak. Halakoetan pentsatuz uste baino lehen iritsi naiz Erniotxikira. Badu zerbait paraje honek nik esplikatzen ez dakidana. Erniotxiki gurutzeengatik deituko diotela uste dut. Hala ere, ez du Ernioren erakargarritasunik. Bakardadea sentitzen da hemen, Ernioren begiradapean, Orio begibistan dudalarik.
Aurrera egin dut eta, lepora iristean, ezkerrera hartu dut GRa jarraituz. Altzuzelairuntz noa Izarraitz, Ernio eta Gazume zelatan ditudalarik. Eguzkiaren argitasunak kontrastez beteriko parajea aurkezten dit aurrez aurre. Artzain txabolak bide ertzean ageri dira etzanda.
Ez dabil inor. Zaldiak edo behorrak larrean eta ardiak urruti. Txakur zaunkarik ere ez da entzuten. Ez ote naiz galduta ibiliko 2.071.urtean? Ametsetan nabilela dirudi edo umetako irudiak datozkidala begien aurrera. Hala dela esango nuke Nikon kamara digitala ez balitz eskuetan dudana.
Altzuzelaiko baserriak ez daude elkarren ondoan, baina bidez inguratuta daude eta bideei esker auzo itxura hartzen du parajeak. Izarraitz aldera begiratuz Santa Engraziko ermita ageri da eta atzerago Andutz eta Itziar aldeko mendiak. Bakarrik nenbilelakoan baina...keba. Arrano parea azaldu da zeruan jira eta bueltan nire inguruan. Terrenoa markatzen ari direla uste dut. Badaezpada ez naiz euren eremuan sartuko. Artzain txabolak jarraituz ibilbidea aldatu eta Pagoeta mendiruntz hartu dut. Hurrengo txabolara iristean Anboto eta Udalaitz ageri dira Izarraitzen atzealdean. Aizkorri ere ez da urruti. Penaz baina jarraitu egin behar dut aurrera.
Pagoeta gailurrera iristean arbasoen presentzia adierazten duten aztarnak ageri dira. Bertan dago gailurreko buzoitxoa eta, beherago, gailurretik urrun Pagoetako gurutze famatua, askoren ustez gailurrean dagoena.
Aiara hurbiltzean, ibilaldia bukatzear nagoela sorpresa polita izan dut begi bistan. Bildots jaio berria bere amaren alboan, biak niri begira. Amak mesfidati begiratu nau baina nik argazki batzuk atera dizkiet gehiegi gerturatu gabe. Ardiak karena odoletan, zintzilik du oraindik. Mundura etorri berria den bildotsa ez da gauza altxatzeko, baina poliki-poliki zutitu da eta ama gerturatu zaio gorputz jaio berria mieztatzera.
Hain irudi polita ikusiten argazkiak ateratzea ere ahaztu egin zait. Sari ederra eman dit gaurko egunak. Benetan pena merezi izan du ibilaldiak. Nahita ere beti ez dira aurkitzen halako egun ederrak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: