Transcatalunya proba gaindituta

Alberto Ibiltarixanak | 2012-06-13 01:06

 

Atzo gauean aurkezpena izan zen eta ibilbidearen liburuko puntu zailenak eta aipagarrienak zehazten aritu zitzaigun PROBIKEeko antolatzailea. Gero afaldu eta 22:30ak aldera lotan ginen. Goizeko 04:00etarako jaiki gara. Tentsioa sumatzen da partaideen aurpegietan. Nire gelan lauk lo egin dugu, baina ez genuen elkar ezagutzen eta isilik ibili gara bakoitza berera. Prestaketa lanak inportanteak dira azken ordurako ezer ez uzteko. Gero gosaltzera jaitsi naiz eta han elkartu naiz Martí eta bere bi lagunekin, Pep eta Ebarekin. Tea pasta batzuekin, jogurta eta fruta pixkat. Ez zait gustatzen asko jatea irten aurretik.

Oso serio eta kezkatuta nago. Atzo gauean kolpe bat hartu nuen ezkerreko belaunean, nire punturik ahulenean, eta minduta daukat. Aspaldiko lesioa berragertu zaidala dirudi. Ez dit konfiantzarik ematen belaunak eta gertatu daitekeenaren beldur naiz. Zerbaitegatik erretiratu nahi izanez gero bakoitza arduratu behar da itzuleraz. Mendian gertatuta jarraitu beharra dago gertuen dagoen herriraino. Nolanahi ere, irteteko erabakia hartu dut eta aurrera noa. Kanpoan ez du hotz handirik egiten, baina, hala ere, gehienek euritarako arropak jantzita dauzkate, hotzetik babesteko. Aldapan gora egin behar dugunez mailotarekin nahikoa dudala erabaki dut eta txaleko mehea sartu dut atzeko poltsikoan badaezpada. Ez dut nahi alferrikako pisua eramaterik, bestela ere badauzkagulako eraman beharrekoak: frontala, GPSa, erremintak, errepuestoak, jateko barritak eta edaria.

Irteera 05:00etan eman dute eta iputargiz betetako herensugea martxan doa goraka. Frontalen argiekin beste itxura bat du tropelak eta martxa lasaian hasi gara gehienok, aurrenekoak izan ezik. Hasieran errepidez eta gero pistaz, gorantza goaz beti eguna argitzen doan bitartean. Zirraragarria da egunsentia horrela agurtzea. Ez zait gertatu ikusterik bizikletan noala eta ikusgarria da benetan.

Tropela luzatzen doa eta bakoitza bere lekuan kokatzen ari da hasieratik. Inguruan dauzkagun txirrindulari asko gero ere bidelagun izango ditugu. La Masella eski estaziotik pasa eta eski pistetatik gora egin dugu. Aldapa gogorrek batzuetan oinez joatera behartu gaituzte. Coll de Pal (2.170 m.) igaro eta jaitsiera gogorrari ekin diogu.

Kontuz ibili behar gara bidea harritsua eta arriskutsua delako eta jendea oso ausarta delako. Halako batean zaratak entzun ditut, kontuz pasatzeko esaten eta han aurkitu dut txirrindularia, erorketaren ondorioz, lurrean etzanda. Badirudi ezin dela jaiki eta kriston kolpea hartu duela. Beste lagun bat dago berarekin. Halakoetan gauza bera datorkit burura: merezi al du horrela ibiltzea? Beti bezala ez daukat erantzunik eta aurrera noa lehen baino kontu gehiagorekin. Badirudi jaitsiera beldurgarria inoiz ez dela amaituko. Eskerrak denok nahiko gertuan goazela eta oraindik ez daukagula uneoro ibilbidearen koadernoari edo GPSari begira egon beharrik bide zuzena asmatzeko.

Eguneko bigarren aldapa igotzeari ekin diogu. Aurrekoa baino bigunagoa da, baina honek ere badu gogortasuna. Hala ere, oraindik fresko goaz eta indarrak erretserbatuz, asko falta zaigulako. Jaitsiera hau ere oso gogorra da, batez ere hasieran. Erreka bizikleta gainean pasatu dut baina bigarrenean, plato handiarekin sartu naiz eta uretara erori naiz. Bainua ondo etorri zait, baina atzeko poltsikoan nuen telefonoa betirako isildu da.

Kontroletan edaria eta janaria hartzeko aukera daukagu eta nik behintzat majo aprobetxatu dut. Badaezpada hobe da sarritan edatea eta jatea, txakalaldiak harrapatu baino lehen.

Bazkaria ere eman digute 3. kontrolean. Pasta eta butifarra jateko aukera izan dugu. Jan, edan eta komunera joan, dena batera egiten saiatzen gara, berriz ez gelditzeko. Bazkal ondoren aldapa gogorra daukagu berriz eta gainera eguzkiak gogor jotzen du. Ondorengo kilometroak ez dira gogorrak, baina astunak egin zaizkigu. Ura ere agortu zaigu eta ermita bateko depositoa ia hustu dugu. Martí eta ni indartsu gaude eta bizikleta gainean ondo gainditu ditugu aldapak. Beste biak nekatuago daude eta hauek animatzen saiatzen gara.

Sant Llorenç Savall herrira iritsi gara eta hemen beste kontrol bat dagoenez lasai hartu dugu gure lagunak errekuperatu daitezen. Euskalduna naizela jakin dutenean ea proba zer iruditu zaidan galdetu didate eta esan diet ez dela oso gogorra eta prest nagoela bukatu eta irteerara, autoaren bila, bizikletaz itzultzeko. Pentsa zelako aurpegia jarri duten kontrolekoek! Nolakoak zareten bilbotarrak, esanaz agurtu naute eta denok barrez lehertzen joan gara.

Bukaera nahiko erraza da beherantz delako eta oso azkar egin ditugu azken 30 kilometroak. Azkenean, 15 ordu eta laurden behar izan ditugu bukatzeko. Oso ondo iritsi gara eta pozik gaude laurok. Pep lagunaren txakalaldiaengatik ez balitz ordubete lehenago iritsiko ginen gutxienez, baina talde lana garrantzitsua da eta ahulena ezin da atzean utzi. Denok elkarrekin bukatzea izan da gure asmoa, nahiz eta horretaz ez dugun inoiz hitzik egin. Bartzelonako hondartzako Mar Bella-ra iritsi garenean 199,35 Km. egin ditugu eta gure aurpegietako pozak dena adierazten du.



Sailkapenak ere argitaratu dituzte Probike dendakoek. Ia 400 txirrindulari atera gara eta 264. postuan iritsi naiz, erretiratu ere asko egin dira-eta. Hurrengo urtekoa nolakoa izango ote da? Auskalo! Gaurkoaz gozatu dezagun eta gero gerokoak.


Utzi iruzkina: