Transandalus 8. etapa: La Carolina-Jaen (82 Km.)

Alberto Ibiltarixanak | 2013-05-20 00:00

Goizean jaiki eta euria dihardu. Lehenengo gosaltzera joan gara taberna batera eta ondo gosaldu ondoren hobeto ikusten dira gauzak. Euriak ez du gelditzeko asmorik eta itzulera aurreratzea erabaki dugu. Gure asmoa Cordobara iristea zen baina errepidez ibiltzeko ez du merezi jarraitzea eta bihar itzultzea erabaki dugu. Horretarako autoa alokatu behar dugu eta gertuena Jaen hiriburuan daukagunez, bertara joko dugu bizikletaz.

Atzera atzoko errepidea hartu dugu eta gero La Isabela eta La Fernandina auzoak zeharkatuz, Linares aldera jo dugu. Errepide hestua baina lasai benetan, olibondoen artean. Eguerdi alderako Linares herri haundira iritsi gara. Nik ez nekien, baina hemen CAF enpresaren planta bat aurkitzen da.

Hotz egiten du eta zerbait jatea erabaki dugu berotzeko asmotan. Ondoren, berriz abiatu gara baina euriak tarteka busti egiten gaitu eta aterpean sartu behar izan dugu Linaresen bertan. Nire laguna haserretzea lortu du euriak. Eskerrak ni umoreko nagoela eta animatzea tokatzen zait. Gero eguraldiak hobera egin du eta Marti ere etorri da onera.

Mengibar herrira iristean beste zaparrada bat bota du eta taberna batean sartu gara ez bustitzeko. Hemendik aurrera ateri egin du eta 17:30ak aldera Jaen hiriburuan sartu gara. Ez dakigu non hartu ostatua baina nire senak esaten dit Xauen hotela ondo egongo dela eta bertara jo dugu. Bai asmatu ere! Hotel aproposa guretzat eta hiriaren erdi-erdian dagoena.

Dutxatu eta aldatu ondoren kalera irten gara alokatutako autoa hartzera. Inguruko mendiak elurtuta daude eta hotz egiten du baina nik ez daukat beste arroparik eta horrela atera naiz kalera. Jendea guztia txamara lodiekin eta gu udako arropekin. A zelako begiradak botatzen dizkiguten!

Katedrala eta erdigunea bisitatu ondoren tabernaz taberna garagardoak hartu eta tapak jaten ibili gara. Halako batean neska bat ikusi dugu ikurriñarekin eta beragana gerturatzean tabernan sartu da lagunengana. Nongoak izango eta markinarrak, seme-alabekin etorrita Jaenera atletismo txapelketara. Denak ez dira markinarrak; mutikukuak, azpeitiarrak, etab.ekoak, baina denak Markinan bizi direnak. Hitz aspertubat egin ondoren bakoitza beere bidetik goaz eta Jaengo Peña Flamenca-ra sartu gara afaltzera. Toki aproposa benetan eta gustura afaldu dugu bertan.


Utzi iruzkina: