Transandalus 7. etapa: Beas de Segura-La Carolina (81 Km.)

Alberto Ibiltarixanak | 2013-05-19 00:00

Gauean euria egin du eta goizean, irtetzeko orduan, euria dihardu. Mendi bideak urez eta lokatzaz gainezka daude eta errepide bakartietatik ibiltzea erabaki dugu. Gaur ia egun osoan euritarako arropekin ibili beharko dugu. Castellar aldera jo dugu eta hona iristean garagardo eta tapa bana hartu dugu Juan Cabrilla tabernan. Martiri grazia egin dio izenak eta argazkia ateratzea erabaki dugu.

Ondoren Navas de San Juan herrira bidean ateri egin du eta bertan gelditu gara bazkaltzeko. Bazlkal ondoren euriak gogotik ari du. Atertzeko zain egon arren, piska bat gutxitu duenean berriz abiatu gara errepidez. Bidean alboetara olibondoak daude nonnahi. Bistan da Jaenen, olioaren lurraldean, gaudela. Olio usaina ere berezia inguru hauetan.

Arquillos herritik pasa gara eta kartel xelebrea ikusi dugu, ez baitugu enpresa askorik aurkitu. Nora joango ote ziren Europatik etorritako dirutza horiek? Auskalo!

Azkenean, halako batean busti-bustita iritsi gara La Carolina herrira. Lehenengo aurkitu dugun hotelera joan gara eta bidai guztian egon garan hotel kutreena dela ikusi dugu, baina besterik ezean bertan gelditu gara. Dutxatu ondoren kaletik buelta bat eman dugu afari pasada eginaz. Taberna polit eta xelebrea gomendatu digute horretarako eta, afaldu bitartean, madrildarren arteko futbol derbiaren lehen zatia ikusi dugu. Bertan gauden guztiok Koltxoneroen alde gaude. Zergatik ote?


Utzi iruzkina: