Transandalus 6. etapa: Pontones-Beas de Segura (73 Km.)

Alberto Ibiltarixanak | 2013-05-18 00:00

Gauez euria egin du gogotik baina orain ateri da. Segura aterpe ederrean egin dugu lo eta andreak gosari ederra prestatu digu. Pozik eta gogotsu atera gara ibilbide eder baten atarian. Ibilbidea oso polita da erreka ondoan behera dihoana. Erreka zuloan hasi arren laster hasi da bailara zabaltzen.

Halako batean bidean lokatza dexente ageri da baina aurrera darraigu. Errekasto bat pasa eta bideak gorantza egiten du. Ia ohartu gabe hasi zaizkigu gurpilak lokatzez betetzen. Gero eta zailagoa egiten zaigu bizikleta gainean joatea eta jaitsi beharra daukagu laster. Oinez joatea ere ez da erraza eta bizikletak lokatzez estali zaizkigu. Azkenerako potruetaraino gaude hainbeste lokatzarekin eta bizikletak izurratzeko arriskua galanta da.

Errepidera iristean bizikletako lokatza kentzen saiatu gara baina ez da erraza. Bi bizikleten aldagailuak izurratuta daude eta ez dugu nahi behartzerik bestela matxura handiagoa izango da. Poliki-poliki gaina hartu dugu eta mendatea jeistea falta zaigu. Nire bizikletaren atzeko gurpila zulatua dago eta puzgailuareki haizea eman ondoren aldapaz behera hasi gara. Lehenbailehen iristi nahi dugu baina ez da erraza. Beste pare bat aldiz gurpila puztu eta halako batean iritsi gara Hornos herrira. Hemen ez dago ezta gasolindegirik ere baina 6 Km.ra bai. Bazkaltzea erabaki dugu kriston gosea daukagu eta. Bazkaldu ondoren gauzak hobeto ikusten direla diote eta halaxe izan da. Cortijos Nuevos herrira iritsi eta bizikletak garbitu eta konpontzen saiatu gara. Zulatua ere berez konpondu da, kamara berezia da eta. Martxan jarri garenean nahiko ondo doaz eta pozik gaude azken zatiari ekiteko. Mendatea igo eta errepidez jaitsi gara Beas de Segura herriraino. Neketuta eta hoztuta gaude eta hemen hartuko dugu ostatua. Hostal Avenidan prezio berezia egiten dute Transandalus egiten daudenei eta gela bakoitza 39 eurotan eman digute. Orain arropak garbitu eta biharko plana egitea gelditzen zaigu. Ea zer dioten eguraldiaren iraparpenek.


Utzi iruzkina: