Transandalus 3. Etapa: Uleila del Campo-Seron (66 Km.)

Alberto Ibiltarixanak | 2013-05-15 00:00

Ibilbide polita olibondoen  eta almendrondoen artean. Bide guztian kukua kantatzen ari da gure bidelagun bailitzan. Ibilbide aldapatsua Senes herrixkatik pasatzen da. Hemen, indarrak berreskuratzeko, tabernan sartu gara zerbait jatera. Antzinako tabernak ere halakoak ziren baina hemen badirudi ez direla urteak pasa. Taberna, denda eta estankoa dena da bat, orain dela 40 urte bezala, eta prezioa ere ordukoa dela dirudi: ogibitartekoa, garagardoa, 3 botila ur eta 6 platano: 5 euro.

Ondoren Bacares aldera jo dugu. Ibilbideak gora egiten du eta zatirik zailena eta gogorrena da. Bizikleta bultzaka ere eraman dugu zatitxo batean. Gaina hartu dugunean laster iritsi gara puntu garaienera (Velifique gaina: 1860 m). Hemen aurrez aurre daukagu La Tetica mendi gailurra, titi punta itxurakoa. Marti saiatu da titi punta ikutzen baina ez du lortu. Gero aldapaz behera berehala iritsi gara Bacares herrira. Gustura bazkaldu dugu bertan, premia genuen eta. Orain dela hilabete Euskalteleko Egoi, Samu, eta Urtasun txirrindulariak ere hostal honetan egon zirela esan digu bertako mutilak. Giroa prestatzea zuten helburu.

Bazkal ondoren pedaleatzen jarraitu dugu. Haieran aldapaz gora eta gero, jaitsiera luzea Seron herriraino. Herri hau urdaiazpikoengatik da ezaguna eta dastatzeko aukera izan dugu bertan. Kaña bana eskatu eta kriston tapak ateratzen dizkigute. Ostatua herriko hostalean hartu dugu eta 33 eurotan afaldu, lo eta gozaldu. Hau da hau paotxa.


Utzi iruzkina: