Transandalus 2015

Alberto Ibiltarixanak | 2015-06-07 00:00

Aurten ere Transandalus ibilbidearen azken zatia egitera goaz 3. aldiz jarraian. Iaz ere garai honetan egin genuen 2. zatia eta orain bukatzeko asmoarekin goaz. Chiclanan hasi eta Almerian bukatu nahi dugu han hasiera eman geniolako 2013an. Guztira 2.300 km. burutuko ditugu zortzi lurraldeak pasa ondoren.

1. etapa: Chiclana - Tarifa (97 km)

Atzo iritsi ginen Chiclanara autoz. Hotelera iritsi, bizikletak eta alforjak jeitsi eta alokatutako autoa eramatera joan ginen kostaldera. Beti autoz etorri izan gara azkarragoa eta erosoagoa delako bizikletak ekartzeko.

Goizean, gosaldu ondoren, 9:00etarako martxan jarri gara gure bidailagun maiteak (bizikletak) egokituz. Gaurko eguna aproposa da teknologia guztia probatzeko: GPSa, mapak, agazki kamerak, telefonoak...

Hotelean beste txirrindulati batzuk daude errepideko karrera egiteko asmotan. Guri begira egon dira eta zer egin behar dugun galdezka. Jakin minez gelditu dira esan diegunean. Ez zaie normala iruditzen hainbeste km. jarraian egitea. Elkar agurtu eta bakoitza bere bidean jarri gara. Haizea egiten du baina ez zaigu burutik pasa zelako arazoak sortu behar dizkigun Levanteko haizeak.

Conilera iritsi baino lehen haizeak gogor joten zuen baina Conileko hondartzan bota egiten gaitu eta hortik aurrera egitea oso gogorra egin zaigu. Ibibilbide polita da kostaldekoa baina asko sufritu dugu; ez dugu nahibeste gozatu. Barbaten gelditu gara bazkaltzeko eta gorputzak indarberritu ondoren hobeto goazela dirudi, baina laster etorri dira zailtasunak.

Zahara eta Boloniako hondartza pasa ondoren luze egin zaigu bidea. Halako batean, nekatuta bada ere, 10 ordu ondoren, iritsi gara helmugara. Tarifako kaleetan gaudela auto bat gelditu da gure alboan. Goizeko txirrindularietako bat da eta ezin zuen sinetsi iritsiak ginela. Berak esan digu euren proba bertan behera gelditu dela, aurrean zihoan polizia eta beste hainbat txirrindulari haizeak botata zauri larriekin eraman dituztelako. Gu ere bota gaitu baina onik iritsi gara. Eskerrak.

2. etapa: Tarifa - Jimena de la Frontera (90 km)

Gaur ere haize gogorrarekin hasi dugu eguna baina iragarpenak dioen moduan, El Bujeo mendatea pasa ondoren, asko jeitsi da eta Algecirasetik aurrera ez digu kalterik egin. Jimenako plazan dagoen taberna batean afaldu dugu. Tabernariaren pasadizoak eta bizitza entzun behar izan ditugu baina afariaren prezioan sartuta daude eta gustura entzun ditugu hala ere.

3. etapa: Jimena de la Frontera - Benaojan (96 km)

Gaurkoa ere uste baino luzeagoa izan da. Jimena de Libar herrian bukatzeko asmoa genuen baina hemen ez dugu aurkitu lo egiteko tokirik eta aurrera jo behar izan dugu. Ustekabean egin behar izaten diren zatiak izaten dira luzeenak. Garaiz iritsiko ginelakoan, azkenean gaurkoak ere 10 orduko iraupena izan du. Rondara iristeko ez zitzaigun asko falta baina indarra falta izan zaigu jarraitzeko. Hemen ere ez da izan erraza lo egiteko tokia aurkitzea baina, azkenean, apartamendu ederra alokatu digute.

 

4. etapa: Benaojan – El Chorro (78 km)

Eguraldi ederrarekin eman diogu hasiera egunari eta azkar iritsi gara Ronda herrira. Nolanahi ere, herrira iristea ez da izan erraza. Igoera gogorra (% 20ko maldak) bezain polita gainditu dugu eta Rondan zehar egin dugun ibilbideak merezi izan du. Zezen plaza famatuan argazki batzuk atera eta turistak ugaritzen hasi direnez alde egin dugu berehala El Burgo aldera.

Hemen zerbait jan eta edan ondoren aurrera egitea erabaki dugu euria egiteko itxura hartu bait du eguraldiak. Ardales herria baino lehen hasi da botatzen eta ordu erdiko zaparrada izan bada ere ibilbideak erabat lokaztu dira. Hau gutxi balitz, Martiren bizikletak zulatua izan du. Eskerrak Ardalesen gasolindegia dagoela. Hemen kendu ditugu bizikletetako lokatzak eta gu ere lehortu gara bitartean.

Euriak atsedena eman digu eta orain ibilbidea errepidez denez, azkar iritsi gara El Chorro herrira. Paraje hau famatua bihurtu da bertan aurkitzen delako Erregearen bidetxoa (El caminito del rey), mendiko hormetan zinztilik dagoena.

Gaur garaiz iritsi gara (8 ordu eta erdiko iraupena) eta hotel ederra tokatu zaigunez, piszinan bainu ederra hartu dut.

5. etapa: El Chorro – Villanueva del Trabuco (71 km)

Goizean abiatu orduko aldapa izan dugu bidelagun. El Chorro atzean utzi eta Valle de Abdalajis herrira iristeko gogor eman behar izan diegu pedalei. Parajeak merezi du eta begien aurrean daukagunak nekea ahazten laguntzen digu.

Eguerdirako Antequeran gaude. Herri handi honetan bazkaldu dugu zezen plazaren ondoko tabernan. Eguneko menua 9 eurotan. Kamareraren galderak harri eta zur utzi du Marti: zelako gurpilak dauzkazue, 29koak? Ez zuen espero halakorik.

Arratsaldean garaiz iritsi gara Villanueva del Trabuco herrira baina berriz atzera egin behar izan dugu 6 km hemen ez dagoelako lo egiteko tokirik. Azkenean Villanueva del Rosarion aurkitu dugu hostal bat.

6. etapa: Villanueva del Rosario – Alhama de Granada (62 km)

Lehen zatia gogorra bezain polita. Zafarraya herrira iristeko aintzinako trenbidetik sartu gara mendi arteko paraje ikusgarriak zeharkatuz. Hemen zerbait jan eta aurrera. Arratsaldeko partea ez da izan hain polita bukaera izan ezik. Alhama herrira iristeko izen bereko errekazulotik gora egin dugu eta igoera gogorra izan arren asko gozatu dugu inguruarekin.

Herria ikusgarria. La Seguiriya ostatuan hartu dugu lojamendua eta merezi izan du. Etxea oso polita da eta jabeak, Manuela eta Paco, oso atseginak. Manuelak esan dit berak ere euskaldun jatorria duela.

Hauteskunde kanpainan gaude eta gaur da azken eguna. PPk eta IUk mitinak dauzkate. Batzuk plazan musika zaratatsuarekin eta besteek udalaren patioan. Baietz asmatu zein non dagoen?

Goizean, gosari ederra hartu ondoren, bagoaz, berriz Alhamara itzultzeko gogoarekin.

7. etapa: Alhama – Nigüelas (76 km)

Alhama atzean utzi eta, beherantz egiten duenez, Jatar herrira iritsi gara ziztu bizian. Hemendik Jayenara eta gero Albuñuelas herrian egin dugu bazkari pasada. Garagardo kaña bina tapa eder batzukin. Bi eurotan ondo janda atera gara. Aurrez taberna xelebre batean sartu gara coca-cola bila. Hemen ez dago halakorik, hemen ardoa bakarrik, hau mozkorren taberna da, esan digu tabernari xelebreak eta mostradoreko personajeek hala baieztatu dute.

Laranjaondo eta limoien artean bidezidor politetik ibili gara. Gero, poliki-poliki elurtutako mendizerra gerturatzen doan bitartean, Albuñuelas herrira iritsi gara. Eguzkiak gogor jotzen du eta zerbait edateko geldiune aproposa da. Ondoren azken aldapari ekin diogu eta laster iritsi gara eguneko helmugara. Ostaturik ez dagonez, etxe oso bat eskaini digute eta bertan gelditu gara. Dutxa eder bat, erropak garbitu eta kalera garagardo batzuk edatera. Eguneroko errutina da, egarria asetu eta gorputzari buelta emateko.

8. etapa: Nigüelas – Trevelez (72 km)

Igande goiza da eta etxejabearen anaiak plazan duen tabernan gosaldu dugu. Laster irekitzen dira hauteslekuak eta tabernan jendea asko dago, denak gizonezkoak. Martik telefonoa utzi du etxean eta jabea esnatu behar izan du atea zabaltzeko. Gero konturatu da poltsan zuela. Etapa gogorra daukagu aurrean eta urduri dagoen seinale. Ibilbideari buruzko xehetasunak eman dizkigute plazan eta berandutu baino lehen abiatu gara.

Gaur Sierra Nevadan sartu gara. Ibilbidea aldapatsua eta gogorra da baina pista zabala denez ez zaigu zaila egin igoera. Halako batean, atzetik datorren mutil batek harrapatu gaitu. Egun pasa atera da eta berak lagundu digu ibilbidearen zati eder batean. Ibani esker azkarrago joan gara GPSari begiratu gabe eta uste baino lehen iritsi gara Panpaneira ingurura. Iban agurtu ondoren iritsi da indarrak hartzeko ordua. Panpaneiran sekulako bazkaria egin dugu: cocido y plato alpujarreño, txorixo, odoloste, arrautza eta patatekin. Barrita energetikoak baino hobe azken zati gogorrari aurre egiteko.

Bigarren zatiari ekin diogu eta atzetik bi txirrindulari heldu dira Martiren parera. Ni aurrean nijoa eta entzun dudan abotsa ezaguna egin zait. Harritzekoa bada ere, nirekin Laponian zehar eskiatzen ibilitako Txomin lazkaotarra da bere lagun batekin eta Capileiran gelditu dira beste bi lagunen zain. Gaur hasi dira bizikletaz ibiltzen errepidez paraje hauetan. Pena da baina argazki bat atera gabe aurrera egin dugu eta gero damutu naiz. Hurren arte Txomin, berriz ere bazterren batean elkartuko gaituk.

Ia 2000 metroko garaiera hartu dugu eta gero, dena aldapaz behera, 18:30etan iritsi gara Trevelez herrira. Gustora eta pozik gaude gaur etapa gogor hau burutu dugulako. Marti zoratzen dago eta goizeko urduritasunak aspaldi joan zaizkio. Gaur Giroko etapa Mikel Landak irabazi duela jakin dudanean ospatzera atera gara. Trevelezen urdaiazpikoa lehortzen da eta urdaiazpiko platerkada jan dugu garagardo banakin. Mikelengatik eta gugatik. Afalostean udaletxera gerturatu gara. PPk ez duela ordezkaririk atera eta gustora dago IUko mutil bat. Gu ere bai, noski.

9. etapa: Trevelez – Laujar de Andarax (99 km)

Ibilbide luzea eta eguraldi hotza. Hala ere, beroa baino hobe. Lehen zatian errepideetan zehar gehiago ibili gara, baina ia trafikorik ez dabil eta gustura ibili gara. Gaurko etapak errazagoa ematen zuen itxuraz, baina luzea egin zaigu. Laroles herrian bazkaldu eta azken zatiari gogotsu ekin diogu lehenbailehen bukatzeko gogoarekin. Azken zatia aldapaz behera da baina pistak ez digu uzten azkarregi joaten. Herriaren gertutasunak lasaitasuna ematen du eta arratsalde erdian iritsi gara. Egunero bezala, lo egiteko tokia aurkitzea da gure zeregin nagusia baina aukerarik ez dagoenez herritik km batera dagoen hostalera iritsi gara. Dutxa eder bat hartu ondoren herrian buelta bat eman, garagardo batzuk edan, afaltdu eta lotara, bihar azken eguna da eta.

10. etapa: Laujar de Andarax – Almeria (85 Km)

Egun beroa datorkigula dirudi. Ondo gosalduta, lasai abiatu gara. Pedalkada bakoitzean Sierra Nevada atzean uzten ari gara. Instincion herrira iristean Martik arazoak dauzka bizikletarekin. Balaztak ez dabiltza ondo. Atzoko azken jeitsieran pastilak gastatu ziren nonbait. Herrian ez dago bizikleta dendarik eta jan-edana erosi dugu biderako. Mendate luzea daukagu aurrez aurre eta indarrak neurtuz igo dugu. Gorputzeko indarrak ere bizikletak bezala daude, azkenetan.

Enix herrira iristean garagardo bana hartu dugu ogitartekoa irensteko. Eguzkiak gogor joten du eta hemen ez da aurkitzen itzalik. Azken aldapa igotzean ez dugu ikusten zuhaitzik ezker-eskubian. Gaina hartzean jeitsiera luze eta harritsua daukagu aurrean. Azkar joatea nahi eta ezin. Kontuz jeitsi beharrean gaude erori nahi ez badugu. Balazten soinua entzuteak mina ematen digu belarritan baina aurrera jo beharra daukagu Almeriara gaur iritsi nahi badugu. Halako batean itsasoa ikusten hasi gara. Urrutira Almeria ageri da. Gero eta gertuago dago baina errebuelta bakoitzean urrutiratzen dela dirudi. Kostata baina azkenean iritsi gara. Merezi izan du eta oso pozik gaude. Garagardo bana edan eta argazkia batzuk atera ondoren, hotelera iritsi gara. Dutxa eder bat hartu eta kalera. Hau ospatu beharra daukagu eta gaur mozkor ederra harrapatzeko arrisku galanta. Gorputzak edaria eskatzen du eta tentuz ibili beharko gara hotelera itzuli nahi badugu. Andaluzia luzia eta edarra. Gora Alandalus. Mila esker Transandalus ibilbidea sortu eta webgunea egin duten guztiei. Ez dugu erraz ahaztuko.


Utzi iruzkina: