TA 7. etapa: Aroche-Valverde del Camino (85 Km)

Alberto Ibiltarixanak | 2014-05-26 00:00

Atzo gauean ezetza eman ziguten hostalean gosaldu dugu. Martiren iritzia: ez zuten lanerako gogorik eta kamareroa txakurra da (txakurrek barkatuko diote). Guk kafea eta tea eskatu dugunean begirada nekatua du eta ogi tostatua esan eta uffff egin du.

Gaurko ibilbide gehiena pistaz da. Nahiko erraza da eta eukaliptoak eta pinuak tartekatzen dira bidean. Paisajea erabat aldatu da. Mendiak atzean utzi ditugu. Aracenako eta Arocheko mendizerratik hegoaldera egin dugu eta Atlantikoaren gertutasuna nabaria da. Sierra Pelada zeharkatzen du hartu dugun pistak eta San Telmora iristear gaudela meategiak izandako lur eremuak zeharkatu ditugu.

El Cerro de Andevalo herritxoa igaro ondoren GPSaren laguntza premiazkoa da. Eukaliptoz inguratutako eremuan bideak nahastu eta gurutzatzen dira. Bidegurutzetan ondo hartuz laster iritsi gara Calañas herrira. Eguraldi ona eta eguzkitsua da gaurkoa eta egarria asetzeko premia dugu.

Plazako tabernaren terrazan eseri gara eta berehala hasi dira gurekin berriketan bertako personaje xelebreenak. Batek argazkiak atera nahi dizkigu eta besteek ere parte hartu nahi dute gurekiko tertulian. Tartean Leandro gerturatu zaigu eta guk bazkaltzen dugun bitartean solaskide interesgarria gertatu zaigu. Politikaz eta bertsolaritzaz ere jardun dugu bai bazekien honen berri.

Nolanahi ere guk aurrera egin behar dugu eta Leandro agurtu ondoren bideari jarraitu diogu. El Calabazar urtegia inguratu ondoren bideak gorantza egiten du eta Valverde del Camino herrira iritsi gara arratsaldeko bostetan. Gaur garaiz iritsi garenez herrian zehar ibiltzeko eta erosketa batzuk egiteko aprobetxatu dugu.

 


Utzi iruzkina: