TA 5. etapa: Cazalla-Aracena (105 Km)
Gaur goiz jeiki eta gosaltzera. Ondo lo egitea eta ondo jatea premiazkoa da ondo ibiltzeko. Beraz gosarian ogia tomatearekin eta olioarekin, urdaiazpikoa tartean duela. Edateko tea, baina hemen ez dakite ganoraz prestatzen tea.
Gaur ibilbide luzea egin nahi dugu eta azkar irtetzea da kontua. Goizeko 8:30etan abiatu gara. Lehen partea polita eta azkarra da. Dena pistaz egin dugu Viar urtegira arte. Hemendik GR48a jarraituz Almaden de la Plata aldera. Hemen eskontza batekin aurkitu gara eta ia sartu gara zerbait jatera gonbidatuen artean, baina oraindik goizegi zen eta aurrera egin dugu. Santa Olalla del Cala hurrengo herrira iristean bazkaltzen gelditu gara Andalucia jatetxean. Indarrak hartu eta aurrera berriz. Herriko irteera asmatzeko izan ditugu arazo batzuk. Nik tracka ez daukat eta Martik liburua zehatzago jarraitu behar izan du. Gizon bati galdetu diogu nondik nora jo eta ez gatoz bat; orduan liburuari jarraitzea dugu onena. Hemendik Aracenara 40 Km daude eta bidea oso polita da. Artelatzen artean ibili gara zati gehienetan. Ibilbideak terreno partikularrak zeharkatzen ditu eta hainbat ate gainditu behar izan ditugu, batzuetan maratilla bidez eta besteetan gainetik pasata. Tarteko herriak ere oso politak eta ondo zainduak dira, batez ere, Puerto Moral eta Corteconcepcion. Azken partean aldapa gogorrak daudenez nekatuta iritsi gara 18:30etan.
Herri haundia eta luzea da Aracena eta ez zaigu erraza egin ostatura iristea. Gertuan gaudela bi gizoni galdetu diegu hospederia non dagoen eta beraiek ziren nagusiak. Pasaiakoak ziren gainera bi anaiak. Ostatuan ere ez dugu wifirik baina harrerako mutikari esker, bertako ordenadoretik jeitsi ditut hurrengo etapen trackak nire GPSra. Dutxatu ondoren kalera joan gara eta Aracenako betiszaleen peñan afaldu eta madrildarren arteko partidua ikusi dugu. Gehienak madridistak dira. Gutxi batzuk Atleticoren aldekoak. Taberna jendez beteta dago eta giro zaratatsua izan arren ondo afaldu dugu. Prorrogan hasi direnean ostatura joan gara lotara emaitzaz arduratu gabe. Bistan da ez zitzaigula asko inporta nork irabaziko duen, ez behintzat niri. Martiri bai. Honek Real Madridek galtzea nahi zuen, noski.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: