Soria: Neilako urmaelak

Alberto Ibiltarixanak | 2014-06-28 00:00

Aurten Sorian planifikatu du Martinek urteroko irteera. Covaleda herrian daukagu etxea hartuta. San Lorenzo landetxea da eta oso ondo dago hamar lagun egoteko. Bezperan iritsi gara eta indarrak hartzeko txuleta eder batzuk jarri ditugu parrilan. Inguruko guztiak enteratu dira atera dugun ke eta txuleta useinarekin. Parrileroa Martin da, beti bezala, Eliseo eta Alfonson laguntzarekin. Besteok, Gabriel, Justo, Juantxo, Joxe, Antxon eta ni, jateko prest. Txuletak kristonak daude.

Goizean Quintanar de la Sierra herrira joan gara autoz eta bertatik hasi dugu ibilbidea. Gero Neilako lakuetaraino igo dugu errepidez eta azken zatia bidezidorretik. Eguraldi ederra daukagu baina goian fresko samar egiten du. Ondoren aterpera jeitsi gara eta hemendik markatu gabeko mendiko bidezidorra hartu dugu traka jarraituz. Une batzuetan zaila egin zaigu ibilbidea jarraitzea eta erorketa batzuk izan dira. Aipagarrienak Justorena eta nirea. Ni hankaz gora joan naiz eta buruz behera gelditu naiz bizikleta gainean dudala. Joxek kendu behar izan dit bizikleta bestela ezin nuen eta jeiki. Ezker aldeko hankan arrastada batzuk besterik ez. Juxtorena okerragoa izan da. Sorbaldan min hartu du baina aurrera egin du, ni bezala, buru gogorra delako.

Basotik atera eta pista hartu dugu gorantza. Halako batean bizikletak utzi eta oinez abiatu gara baina ez gara heldu trakak markatzen zuen tokira. Oinez egiteko asko gelditzen da eta itzultzea erabaki dugu.

Pistaz jaitsi dugu zati bat baina beste zatia bidezidor zailetatik. Indurainek zulatua izan zueneko lekua ere markatuta dagi bide ertzean. Guk oraindik ez dugu izan eta pozik. Guk daukaguna da zuloa galanta tripan eta zerbait jateko gogoarekin jeitsi gara. Arratsaldeko hiruak jota heldu gara Quintanar herrira eta irteeran dagoen egurraren omenezko pàrkean dagoen jatetxean jan dugu. Hasteko txerri-gantxarrak eta gero gerokoak. Sabela berdinduta etxera itzuli gara eta afaltzeko pasta gratinatua prestatu dute Martin eta Alfonsok. Mundiala dago baina nahiko jan arren beste hainbeste gelditu da biharko.

Hau da jarraitu dugun tracka: http://es.wikiloc.com/wikiloc/view.do?id=3286719


Utzi iruzkina: