Pirineoan zehar: Ainsa eta Aneu ibarra
Irailaren bukaera garai ederra da mendian ibiltzeko. El mundo de los Pirineos aldizkarian Poldo hotelean bi egunetako egonaldia tokatu zitzaidan eta Aneu ibarra helmuga duen bidaia hasi dugu. Gaua Jacan egin ondoren Sobrarbe eskualdean egin dugu geldialdia. Guaso eta Ainsa bisitatu ditugu. Ainsa da eskualdeko nagusia, ikusgarriena eta ezagunena baina Guaso ezezaguna da guretzat eta asko gustatu zaigu.
Hemendik Vielha herrira joan gara. Hemen sarritan izan gara eta geldiunetxo bat egin eta Aran ibarra zeharkatuz, Bonaigua mendatearen bestaldera jo dugu, Aneu ibarrera. Vielhan autostopean zegoen bikote bat hartu dugu. Ohikoa ez bada ere, Israeldarrak dira eta Espotera doazenez ia bertaraino eraman ditugu.
La Guingueta de Aneu herrian dago Poldo hotel familiarra eta iritsi orduko etxean bezala hartu gaituzte. Gela eder bat eman digute eta bertako sukaldea oso ona eta gomendagarria iruditu zaigu.
Goizean jeiki eta bakoitzak bere aldetik joan gara. Ni mendi bizikletaz Montgarri eta Beret aldera eta Pakek bertako urtegiari eman dio itzulia oinez. Eguerdian elkartu gara bazkaltzeko.
Nik aspalditik neukan gogoa itzuli hau egiteko. Isilen hasi eta Montgarritik Beretera joan naiz Noguera Pallaresa ibaia jarraituz. Neguan iraupen eskia eginez ibilitako parajeak zeharkatu ditut. Bidean Jordi eta Marc BTTeroekin elkartu naiz eta beraiekin egin dut Montgarrira arteko zati bat. Hauek Pedals de Foc zeharkaldia egiten daude eta Montgarrin gelditu dira zerbait jaten. Nik Marxaberet eskiekin egindako itzulia egin dut bizikletaz eta Isileko abiapuntura itzuli naiz gero. Gozatu ederra hartu dut baina Pake nire zain neukan hotelean kezkati. Gehienetan bezala, gehiegi luzatu dut ibilaldia eta agindu baino beranduago iritsi naiz.
Urtegiaren ertzean bazkaldu ondoren Isil eta Esterri herriak ikustera joan gara arratsaldean. Ez dabil jenderik apenas eta kaleak erdi hutsik daude. Gero La Guinguetako urtegiaren inguruan ibili gara argazkiak ateratzen.
Gaur, urriaren 1a, gosari eder bat hartu ondoren mendi buelta bat eman dugu La Bonaigua inguruan eta, ondoren, Trdos herrian utzi autoa eta Aiguamog errekan gora joan gara, Pake oinez eta ni bizikletaz. Bonaiguatik ikusita ez zuen ematen aldaparik zegoenik baina bertatik aladapa gogorrak gainditu behar izan ditut. Goiza ondo aprobetxatu dugu eta bide ertzeko taberna batean zerbait jan ondoren etxera itzuli gara Frantziatik zehar.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: