Pico Urbion
Goizeko 9:00etarako bizikleta gainean gabiltza. Covaledatik irten eta Salduero aldera jo dugu pistaz. Hemendik berehala Molinos del Duero herrira iritsi gara. Gero urtegia zubitik zeharkatu eta Vinuesa herria iragan ondoren, goraka egiten du pistak eta laku Beltzarantz doan errepidera iritsi gara. Beste pista bat hartu eta gorantza Urbion aldera. Atzeko gurpilean zulatua izan dut.
Zulatua dagoenean beti sortzenn da eztabaida berdina gure artean. Batzuen iritziz tubeless gurpilak hobeak dira kamara dutenak baino. Besteek alderantzizkoa diote. Nik zalantza handiak dauzkat. Lehen tubeless gurpilak eramaten nituen eta orain zulatuen aurkako kamerak baina laster berriz lehengora itzuliko naizela uste dut. Nolanahi ere tubeless zaleak pozik gelditu dira nire zulatua medio.
Puztu eta aurrera egin dut baina handik zati batera berriz puztu behar izan dut konponduko delakoan baina keba. Azken igoera harritsuan berriz hustu zait eta kamara aldatzea erabaki dut. Aldatu bitartean besteek gora egin dute gora orduko harrapatuko ditudalakoan eta halaxe izan da. Azken igoera oinez egin beharra dago eta han elkartu gara denok.
Gailurrerako bidea ez da zaila baina bai erakargarria. Granitozko bloke ikaragarriak gaindituz iritsi gara gailurrera. Hemendik inguruko mendi guztiak ikusten dira eta behean Urmael Beltza ageri da, urdina dirudien arren. Azken elurrak ez dira desagertu oraindik. Behera itzuli eta toki aproposa delakoan, ogitartekoa jatea erabaki dugu ardo eta guzti. Ez du alperrik igo Antxonek motxilan ardo botila parea.
Atsedenaren ondoren beherako bideari ekin diogu. Ez da erraza goitik beherako ibilbidea. Harritsua da eta arriskutsua bihurtzen da azkar jaistea. Nolanahi ere, abiadura puntua eramatea komeni da. Pista bat bukatu eta bestea hasi, baina ibilbidea ez da hobetu eta arretaz jaitsi behar izan dugu. Azken zatiak hobera egin du eta arratsaldeko bostak aldean heldu gara Covaledara. Batzuk errepidez eta besteak pistaz baina lehia gogorrean. Etxera iritsi arren lehia ez da bukatu eta dutxatu ondoren tabernara joan gara buruz-buruko pilota partidaren finala ikustera. Erdiak inguru Retegiren alde daude eta beste erdiak Irujok irabaziko duela diote. Nork irabazi bedin da. Kontua da saltsa eta zarata piskat ateratzea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: