Pedraforca

Alberto Ibiltarixanak | 2012-07-06 15:52

 

Gaurko ibilbidea Baga herrian hasi dugu eta haraino autoz iritsi gara Cadiko tunela igaro ondoren. Bagatik igoera gogorra, pistaz, Coll de Turbians gainditu arte. Handik, Pedraforca mendia zelatan dugula, Gisclareny herrixka gainditu eta Coll de l'Avena igaro eta Coll de la Baumara iritsi arte. Han beste talde batekin elkartu gara, baina hauek ibilbidea alderantziz egiten ari ziren eta ez dugu denbora askorik egin eurekin, nahiz eta batzuk elkarrekin jarraitzeko gogoa izan, neska pare baten izterrak ikusiz. Bizikleta zaleontzako ez dago hori baino barrita energetiko hoberik aurrera egiteko.

Jaitsiera ikusgarriaren ondoren, El Grasoletera iritsi gara, eta ondoren, nola ez, igoerari ekin diogu Saldes herrira iritsi arte. Han bazkari ederra jan dugu indarrak berreskuratzeko.

Bazkal ondoren igoerak gogorragoak izaten dira eta kostatu zaigu Pedraforca azpiko miradorera iristea. Ikuspegi ederra dugu aurrez aurre eta, argazkiak atera eta gero, pistaz abiatu gara falta zaizkigun 8 Km. egiteko. Banan-banan iritsi gara Collelera eta handik aurrera gozatu ederra hartu dugu bide lauan Pedraforcaren begiradapean. Coll de las Bassotas gainditu ondoren, jaitsiera luzeari ekin diogu. Bizikleten galgek estutu ederra hartu dute. Hala ere, eskerrak diskoak daramatzatela, bestela kriston besoko minarekin iritsiko ginen Bagara.


Utzi iruzkina: