Mondarrain mendia Iparraldean
Egun eguzkitsuaz baliatuz eta biharko eguraldiak txarrera egingo duela diotenez Iparraldera jo dugu Patxi eta biok. Gaurkoan Mondarrain mendia (749 m.) aukeratu dugu. Ezpeleta eta Itsasu lotzen dituen errepidetik Legarreko gainera iritsi gara eta hemen utzi dugu autoa.
Baserri baten ondotik hasi dugu ibilbidea, Ezkondrai mendixka eskubian utziz. Bistan daukagun mendia da Mondarrain eta ordu bete baino lehen goian gaude. Gailurraren inguruan konglomeratuzko haitz ugari daude eta eraikuntza batzuen aztarnak ere. Gailurretik ikuspegi ederra ikus daiteke, bai itsas aldera eta bai ezker-eskubi ere. Iparraldetik hasi gara jeisten, pagadi zaharra zeharkatuz. Gurutzea ere presente dago hemen, beste mendi gehienetan bezala eta, Patxi eta biok Ernion hasitako eztabaidarekin jarraitu dugu. Zergatik gurutzeak eta bestelako oroigarriak gailurretan?
Ibilbide erraza da eta luzatzeko asmoz Laxiara jeitsi gara, Mondarrain eta Artzamendi mendien artean dagoen auzora. Azkenik aldapaz gora egin dugu Legarreko lepora iristeko. Guztira 3 ordu t'erdian egin daiteke itzulia.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: