Mendiaren kontrasteak neguan

Alberto Ibiltarixanak | 2015-02-09 00:00

Bota duen elurtearekin mendiak zuri-zuri eta erakargarri daude. Larunbatean eguraldiak hobera egin du eta etxetik gertuan dagoenez Gazume aldera jo dut eskiak hartuta. Urtero saiatzen naiz Gazumera joaten eskiz baina elurra ez da beti nahiko egoten. Oraingoan badago elurra eta baita jendea ere. Iturriotz eta Andazarrate autoz beterik daude. Familia giroan umeak eta gurasoak elurretan dabiltza.

Nolahala aparkatu eta Iturrioztik gora abiatu naiz eskiak jantzita. Zuhaitzak ere oker-oker daude elurraren pisua jasan ezinik. Zaldiak janari bila dabiltza elur artean. Zerua ilun dago eta hotz egiten du, zero azpitik. Zelatungo bidea utzi eta Gazumeruntz hartu dut. Hemendik ez dabil jende asko. Txabola parera iritsi naizenean mutil batekin egin dut topo. Elkarri argazkiak ateratzeko aukera aproposa. Gorantza noan heinean elurra gogortuz doa izoztu arte. Azken lepora iristean buelta hartzea erabaki dut. Elurra badago baina ez dut asko gozatu jeitsieran. Elur gainean kostra lodia dago eta ezinda ondo biratu. Horrelakoetan ahal den moduan jeisten naiz. Nolanahi ere, ia Iturriotzeraino iritsi naiz. Ordurako jendeak etxerako bidea hartua du eta beste itxura bat du aparkalekuak.

Astelehenean eguraldi ederra egiten du eta Andoni eta biok abiatu gara Aralar aldera. Guardaetxe baino lehen dagoen aparkalekuan utzi autoa eta Irumugarrieta mendia dugu begiz jota.Gaur ez dabil jende askorik. Aparkalekua atzean utzi ondoren hirukote bat pasatu dugu eta gero ia bakarrik ibili gara.

Elur asko dago mendian eta zerua garbi dagoenez gauean dena izoztu da. Elurra zenbat eta gorago orduan eta gogorrago. Balerdi eskubian utzi eta bezperako arrastoak jarraituz ez daukagu galtzerik. Unagako putzua ez da ikusten baina ingurutik gabiltza. Gora igo ala ez zalantza sartu zaigu gaur ere elurrak kostra duelako gainean. Goraino igo gabe, Armuñon buelta egin dugu eta Igaratza aldetik itzultzea erabaki dugu. Ez gara haraino iritsi. Pagomaritik zehar guardaetxera jeitsi gara.

Ez da izan gogorra baina aspaldian mendiko eskiekin ibili gabe geundenez, gaurko nahikoa. Nire belauna nola dabilen ikusteko balio izan du eta pozik. Poliki-poliki ea hartzen dugun aurreko urteko maila. Elur faltagatik ez da izango behintzat.


Utzi iruzkina: