Mendaur

Alberto Ibiltarixanak | 2013-11-07 00:00

Gaur eguraldi ederra dator eta aspalditik igo nahi dudan mendira joan nahi dut: Mendaur. Atzo Patxi animatu nuen eta biok abiatu gara Doneztebe aldera. Elgorriaga eta Ituren pasa ondoren Aurtitzen utzi dugu autoa eta bertatik ekin diogu igoerari.

Aurtitzen urtegirako bidea hartu eta berehala markatutako bideari jarraitu diogu. Igoera ez da gogorra hasieran baina urtegira baino lehen dagoen zatian aldapa nabaritzen da. Bideak ariztiak eta pagadiak zeharkatzen ditu eta aldapa lehunagoa eguten da pagoen itzalpean. Urtegira iritsitakoan mahaiak eta jarlekuak dauden tokitik pasa eta errekatxoa zeharkatu ondoren, azken aldapa gogorrari ekin diogu. Hemendik goraino ez dago atseden lekurik baina Mustiz lepora iristean merezi du atsedena hartzea aintzinako zutarriaren inguruan.

Azken zatia garbi-garbia dago, zuhatzik gabe, eta gelditzen den aldapak gogorragoa dirudi biluzik dagoelako. Gailurra begi bistan dago eta bidea nabarmena da. Trinitate ermita dago gailurrean 1692an erikia. Baseliza irekita dago eta bertan jan dugu Patxik ekarritako ogitartekoa, kanpoan haizeak gogor jotzen du eta. Bi ordutan iritsi gara gailurrera (1131 m.)

Tontorrean gaudela lepoan agurtu dugun bikotea(lesakarra eta gasteiztarra) iritsi da eta beraiekin egon gara solasean. Legazpiarrak eta elgetarrak ezagutzen zituzten eta ez zaigu falta izan jardunik. Gero iparraldeko bikote bat iritsi da eta ondoren beste gizonezko bat.

Gailurreko ikuspegiaz gozatu eta argazki batzuk atera ondoren beherantza hasi gara ekialdeko aurpegitik. Patxiren iritziz jeitsiera ez da igoera bezain polita eta bere kexak entzun behar izan ditut hemendik jeistea erabaki dudalako. Ibilbide zirkularra egin nahi izan dut eta igoera politagoa izan bada ere, nire aukera onartu behar izan du. Beherantza beste bi ordu egin dugu eta 14:00ak jota iritsi gara Aurtitzera. Bertako eliza eta kanposantua ikusteko aukera ere izan dugu. Dirudienez eliza Iturengoa da baina Aurtitzkoek ez daukate beren burua iturendar. Non galdetzen den da gakoa.


Utzi iruzkina: