Leitzaran
Ibilaldi hau askotan egin dut, baina gaurkoan Agus eta Joseba nire bi koinatuekin egin dut eta berezia izan da, ez baitugu elkarrekin halako planik egiten sarritan. Ibilbideak ez du misteriorik eta zailtasunik, baina, ni ohituago nagoenez, hori eurek esan beharko dute.
Andoaindik irten eta, Plazaola trenbidea jarraituz, Leitzara, eta hemendik Lekunberrira. Ibilbide erraza da nahiz eta gorantzako joera izan haruntzakoan. Tunel asko pasa behar dira eta linterna eramatea komeni da, ez baitaude tunel guztiak argiztatuta. Zorua nahiko ondo dago, baina menditik ur asko erortzen da eta putzu asko aurkitzen dira, batez ere tuneletan. Bizikletak eta arropak asko zikintzen dira eta ez dago gaizki sira edo antzeko zerbait eramatea.
Ibilbidea oso polita da, denbora guztian Leitzaran erreka ondoan doalako. Ura ez da falta, ez edateko ezta bainua hartzeko ere. Bide ertzean iturri ugari dago eta errekako uretan sartzea ere ondo etortzen da bero egiten duenean. Errekan presa asko dago eta ur-jauzi ederrak ikus daitezke.
Leitzatik Lekunberrira goazela atseden leku bat dago mahai eta guzti eta hemendik, aurrez-aurre, Peru-harri ikus daiteke, IƱaki Perurenak eraikitako harriaren parke bitxia eta ikustea merezi duena. Lekunberritik bueltan Leitzan gelditu gara eta han bazkaldu dugu. Hasieran Arakindegia jatetxean bazkaltzeko asmoa genuen, oso ondo eta merke jaten delako, baina itxita zegoen eta Sagasti jatetxean jan dugu. Han ere ondo jaten da, baina nik Arakindegia gomandatzen dut, ondo jateaz gain, Iparrak oso ondo hartuko zaituelako.
Bazkal ondoan eskerrak ibilbideak berantza egiten duen. Goizean ez zuen ematen igotzen ari ginenik, baina arratsaldean, antzeman dugu ia pedalik eman gabe joan garela bueltan. Guztira 75 km. egin ditugu eta 6-7 ordu behar dira lasai egiteko, geldiuneak eta bazkaltzeko denbora kontatu gabe.
Eguraldia
nabarmen aldatu da arratsalderako. Asko freskatu du eta azken partean siri-miriak ondo busti gaitu. Hasieran ez zen asko ari eta gustura
hartu dugu, baina azkenerako blai eginda iritsi gara eta bizikletak
lokaztuta. Etxera itzultzean mangera eta dutxa derrigorrezkoak dira.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: