Lanzaroten bizikletaz
Aurten Lanzarotera joateko gonbitea izan dut. Uxuri nire iloba han bizi da Sergiorekin eta berak animatu nau bertako mendi bizikletako proba honetan parte hartzera: http://www.ultrabikeclubsantarosa.com/. Ez neukan halako asmorik baina Uxuri eta Sergio bisitatzeko aukera aprobetxatuz, bertara joatea erabaki dugu Pake eta biok. Hobeto esanda, erabakia nirea izan da eta Pakeri ziri ederra sartu diot.
Aste beterako joan gara baina iritsi orduko bizikleta alokatzeko aukerak aztertzen hasi naiz eta ingurukoak azpertu ditut. Hiruzpalau denda ikusi ondoren, azkenean CUBE markako 29”ko bizikleta berri bat aurkitu dut. Sergio eta Jon izan ditut laguntzaile. Eli eta Jon ere alaba bisitatzera joan dira eta elkarrekin ibiltzeko parada izan dugu. Eskerrak beraiei errazagoa egin zaigu egonaldia.
Pare bat egun entrenatzeko eta bizikletara ohitzeko. Sergio, Uxuriren lagunarekin ibili naiz ibilbidearen zati bat egiten. Costa Tegisen hasi eta itsas ertzetik ibili gara gero barne aldera sartzeko. Hurrengo egunean bakarrik ibili naiz Tegise inguruan. Ibilbidea ez da oso gogorra baina teknikoki zaila da, batez ere Lanzaroteko lurzorua hondartsua delako.
Larunbatean La Graciosa ifar aldeko irlan izan da lehen proba. Autobusean eraman gaituzte Orzolaraino eta bizikletak kamioi batean. Handik Graciosara itsaontzi batean partaide guztiok, laguntzaileak eta bizikletak. Kriston montajea izan da. Harritzekoa. Graciosaran erlojupeko proba, 20 Km.koa. Ez nuen inongo asmorik halako saltsetan sartzeko baina pakete barruan sartzen zen eta aukera polita izan da Graciosako irla ezagutuz txangoa egiteko. Uxuri, Eli eta Jon ere etorri dira ni animatzera.
Proba bera oso azkarra eta nahiko erraza izan da. Ia dena pistaz baina hondarra dagoen tokietan argi ibili behar. Nik nahiko lasai hartu dut eta konturatu orduko helmugan nengoen. Partaideen maila handia da. Kanarietako txapelketa da eta jende ona aurkeztu da. Ia ehun lagunek parte hartu dugu eta 80. egin dut. Lehenengoek orduerdian bukatu dute eta nik 46' behar izan ditut. Hau kasualitatea: 2. egin duena Unai Yus euskalduna, Euskadiko ziklokroseko txapelduna izandakoa. Orain Kanarietan bizi da eta hango txapeldun izan nahi du. Berak euskazko animoak entzun dituenean harritu egin da eta bukaeran elkarrekin egoteko aukera izan dugu. Nik eskotan galdetu diot nire buruari zer egiten dudan lehia horretan baina berandu da orain atzera egiteko. Itzuliko bidaia katamaranean egin dugu Orzolaraino eta bertan eman digute bazkaria.
Igandean proba nagusia: 103 Km. luze eta 3.100 m.ko desnibela. Hu serioa da eta errespetoa ematen du. Halakoak egiten ohituta nago baina hemengo maila ikusita eta, Kanarietako txapelketa denez, epaileek denbora-muga jarri dute 65 km gainditzeko. Lau ordutan gainditzen ez duena ibilbidetik kanpo utziko dute eta karrera utzi beharra dauka. Honekin ez nago ados eta hala esan diet epaileei baina txapalketa denez horrela egin beharra daukatela diote. Ni naiz zaharrena eta 60 urtetik gorako bakarra baina hori ez zaie inporta beraiei. Partehartzaile asko gara, ia 400 proba biak elkartuta (luzea eta motza).
Goizean jendea larri samar dabil hara eta ona. Irteeran urduritasuna da nagusi. Ni ez nago urduri baina ez da erraza lasai egotea hainbeste bizikleten artean. Hasierako zatia laua da eta oso azkarra. Bakoitzak bere lekua hartu nahi du eta hobe da lasai joatea ez erortzeko. Zati hau egin nuen aurreko egunean eta ezagutzen dudanez errazago neurtzen da arriskua.
Arrieta aldera goaz baina piskat lehenago itsas aldea utzi eta mendirutz jo dugu, Teguise aldera. Bigarren anoa postua pasata mendia igo eta gero, jeitsietran Jon aurkitu dut txirrindulariei bidea seinalatzen. Atzean ibiliko naizela esan diot eta harritu eginda oraindik nire atzetik asko datozelako. Ibilbide luzea eta motza bereizten den puntua pasa eta txirrindularien arteko tarteak asko zabaldu dira. Hondarretako une zail bat pasa dugu eta oinez egin dugu 500 m. inguru.
Hemendik Tinajo aldera goaz ibilbide errazagotik eta 3. anoa postua pasata aldapaz gora Timanfayara. Nire ingurukoei esan diet ea taldetxo bat osatuko dugun elkarri lagunduz joateko eta 4. anoa postura denbora-muga barruan pasatzeko, baina ez didate kasurik egin eta aurrera jarraitu dugu bakoitza bere kaxara.
Aldapa gogorra hasi denean atzean utzi ditut ingurukoak eta gogor jo dut bestela ez naiz iritsiko eta garaiz pasatzera. Timanfayako ibilbidea zaila da, harri bolkaniko beltzez betetako paraje bakartia. Hemen erraza da amore ematea eta txakalaldi txiki bat izan dut baina aurrera jarraitu dut dena emanez. Ez dut ikusten inor ez aurrean eta ez atzean. Halako batean jeitsiera gogor eta arriskutsua daukat eta ez oso zaila da zutik mantentzea. Harri txintxarriz eta hondarrez betetako jeitsiera da eta komeriak egin ditut ez erortzeko. Kostata baina juxtu samar iritsi naiz 4. anoa postura denboraren barruan. Epaileak esan dit laster moztuko dutela karrera. Ordutik atzera datozenak probatik kanpo utziko dituzte. Orain lasaigo hartuko dut.
Hala ere beste igoera bat daukagu eta ondoren jeitsiera arriskutsu bat. Halakoa batean lurrera joan naiz baina ez zait ezer larririk pasa. Handik lasterrera errepide bat zeharkatu baino lehen Jon daukat nire zain. Harritu egin naiz. Ez nuen espero. Piskat beherago, errepide ondoan, Eli eta Pake, animoak ematen. Gutxi falta dela diote eta nik nire artean esan dut: gutxi?, beste 30 km. oraindik. A ze panorama!
Handik lasterrera atzetik datorren gazte batek pasatu nau. Itxura denez azkena da. Besteak baztertu dituzte eta azkenak gara. Saiatu naiz jarraitzen baina ni baino azkarrago doa eta oraindik asko falta denez, utzi egin behar izan diot. Laster elkartu gara azken anoa postuan baina berriz ere aurrea hartu dit. Nire indarrak ez dagoz soberan eta hobe dut iristea jarraitu ezinik gelditzea baino. Azken 10 km. inguru nire atzetik egin du antolakuntzako autoak. Orduan garbi ikusi dut azkena naizela. Helmugara iritsi naiz 6 ordu eta 53 minututan. Unai Yus baino 2,5 ordu gehiago. Ez dago gaizki. Hemen nauzkan zain Uxuri, Pake, Eli eta Jon. Uste dut aspertu direla nire zain. Hauek bai daukatela meritua. Mila esker eta muxu bana beraiei.
Helmugan, jateko baino edateko gogo gehiago daukat. Halako batean, esan didate masajea hartzeko aukera daukatela. Ez nekien ezer eta gustura hartuko dut. Erorketak direla eta zikin-zikin eginda nago eta esan diet aurrez dutxatuko egingo naizela, baina etzateko gonbitea egin didatenez, kamilan etzan naiz luze eta bi neskak eman didate masajea, bakoitzak hanka batean, ia ordu erdi luzez. Bukatzean bakoitzari laztan bana eman diet, hanka bakoitzaren partez. Hau izan da eman didaten saririk onena. Gero, dutxatu ondoren, itsasoan hartu dut bainua eta guztiz errekuperatuta gelditu naiz. Hala ere betiko galdera darabilt buruan. Zergatik egiten dut hau? Ez daukat erantzunik. Hobe dut isilik egon. Baina garbi daukat nirea ez dela lehiaketarako garaia. Utzi dezagun hementxe. Gozatzen saiatuko naiz halakorik egin gabe.
Probaren laburpenaren bideoa ikusi nahi baduzue: https://www.youtube.com/watch?v=XfJafp-0ahY
Eta hau politagoa: https://www.youtube.com/watch?v=engzBEoCcXI
Iruzkinak
Utzi iruzkina: