Kungsleden, 3.etapa: Alesjaure-Sälka

Alberto Ibiltarixanak | 2012-03-15 23:36

Gaur atzo baino hotz gehiago egiten du: -9º. Nolanahi ere egunero 5º eta 10º zero azpitik bitartean, eta hau ez da hotz handia paraje hauetarako. Ibilian laster berotzen gara. Gaur 25 km.ko etapa daukagu aurrean eta goiz abiatu gara. Ezin dugu denbora galdu gosaltzen eta berandu atera.

De Alesjaure-Sälka
Eguna orain arteko politena da. Eguzkia atera da eta paraje menditsu eta zoragarriak ikusteko aukera ematen digu. Gure aurretik beste talde amerikar bat doa eta haiek zabaldu dute arrastoa elurretan. Guretzako hobe horrela.

Eguerdi aldera aterpe batetik pasa gara eta hemen egin dugu gaurko bazkaria, aurrekoetan bezain laburra eta banandua, baina te eta kafe beroa ere hartu ditugu eta gorputza beste aldarte batean dugula hasi gara bigarren parteko pausuak ematen.

Orain aldapa gogorra daukagu eta 1.100 metroko Täktja pasoa igaro behar dugu. Hemen gaudela txakurrekin tiratako bi pulka pasa dira eta beraien atzetik ekin diogu jeitsiera arriskutsuari. Elurretan buelta batzuk eman behar izan ditugu baina onik atera gara eta pulkek ere ez dute kalterik izan.

Handik bukaerara arte luze egin zaigu eta indarrez juxtu samar iritsi gara aterpera. Guztira 7 ordu iraun du gaurko ibilaldiak, geldiuneak kontatu gabe.


Utzi iruzkina: