Kopenhage: askatasuna eta festa
Hirira iristeaz bat dena da desberdin.
Jende asko kalean, bizikletaz beteta, musika nonahi, festa... Bistan
da Kopenhage ez dela Oslo, ezta Stockolm ere. Eskandinaviako
kapitalik animatuena eta zaratatsuena da. Nyhavn edo portu
berria da jendetsuena eta argazki gehien jasotzen dituena. Belauntziz
betetako kanala da turisten elkargunea eta, guk ere, hemendik abiatuz
hiria zeharkatu dugu itsasoz eta kanaletatik.
Beste ikuspegi bat da
uretatik ikusten dena, batez ere eraikinak ikusteko. Opera inguratu
dugu eta kristalezko itsasontzia dirudi.
Egun hauetan Jazzaldia dago hemen eta
kalean aurki daitezke jazz taldeak. Portuan bertan aurkitu ditugu
batzuk eta bertan egon gara entzuten garagardoa edanez.
Adin
askotariko jendea bildu da han, baina helduak gehiago direla esango
nuke. Donostiako jazzaldian egongo ez garenez, hemengoaz gozatu dugu
zenbait unetan.
Bestalde, gaur, uztailak 14, Frantziako errepublikaren
eguna da eta hemengo frantsesek ere ospatzen dute.
Kale oso bat
hartu dute euren festa ospatzeko jan-edanak prestatuz eta musikaz alaituz.
Bidaian Ramiro eta Anjeles
galego-asturianoekin egin dugu topo eta azkenerako bidaia lagun bihurtu
zaizkigu eta konplizidadea sortu da gure artean. Uste dut jarraituko
duela gure harremanak, izan ere, zeltak eta baskoiak leku beretik etor
daitezke-eta, bikingoen herritik.
Igandean hiria autobusez ikusi dugu:
Museo Nazionala, Christianborg jauregia, Amalienborg jauregia,
Sirenatxoa... Hainbat eraikin eder, baina eraikinak soilik ez dira
interesgarri euren inguruko historia ez bada ezagutzen.
Gero merkatu
plazara joan gara eta jakiak eta edariak ikusten liluratu gara.
Bertan bazkaltzeko aprobetxatu dugu eta afaltzeko ere erosi ditugu
jan-edanak. Batzuentzat gutxitxo, baina hango prezioak ikusita
dagoenarekin konformatu behar. Txileko ardo zuria ederki sartu da
eta beste bi botila ere hustuko genituzke baina... mozkorra
harrapatzekotan hobe gure herrian.
Astelehena iritsi da eta guk hemen jarraituko dugu nahiz eta beste lau lagunek etxerako bidea hartu. Guk trena hartu eta Selandiako iparraldera joko dugu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: