Karrantza
Karrantzan abiatu eta bukatu dugu gaurko ibilbidea. Irteeran Julio, Martinen laguna eta nire aspaldiko ezaguna, zegoen gure zain eta elkarrekin egin dugu itzuli osoa. Concha auzoan utzi ditugu autoak eta bertatik abiatu gara.
Ibilbide osoan Cantabria eta Bizkaiko mugak zeharkatuz ibili gara. Ibilbide gorabeheratsua baina ederra benetan. Ikuspegia zoragarria da eta itsasaldea agerian eduki dugu ia ibilbide osoan.
Halako batean, azkenetako aldapa igotzen ari garela, ermitara iritsi baino lehen, bi auto aurreratu ditugu pistan zehar. Guriezoko BTT proba pasa da bertatik eta probakoak ginela uste zuten antolatzaileek. Probakoak ez izan arren, ura eskaini digute. Edariak eta pastelak dauzkatela ikustean sekulako poza hartu dugu, erreserbak behea jota dauzkagu eta. Nork esan atzo ardo eta guztiko hamaiketakoa jan zutenek gaur halako pastel ziztrin batzuk jateko gai direla. Eskerrak Segundo eta bere lagunari.
Indarrak hartu eta Las Nieves tontorrera igo dugu ermitaraino. Bertatik sekulako ikuspegia dago eta Oriñoneko hondartza ere ikus daiteke.
Argazki batzuk atera ondoren, beherantzako bidea hartu dugu jatetxeren bat aurkitu nahian bazkaltzeko. Azkenean, berandu izan arren, bigarren saiakeran, Ambasaguas-eko tabernan gelditu gara eta bazkari ederra eman digute. Platerak ondo garbituta utzi ditugu eta handik Karrantzara ziztu bizian joan gara.
Etaparen tracka: http://es.wikiloc.com/wikiloc/view.do?id=1640096
Iruzkinak
Utzi iruzkina: