Iratixtrem

Alberto Ibiltarixanak | 2016-06-13 17:55
1 1

Sarritan izan dut gogoa proba hau egiteko eta aurten joatea erabaki dut. Iratixtrem izenak berak erakargarri egiten du eta beste urteetan parte hartu izan duten batzuk ondo hitz egin didate. QH moduko probak ez ditut maite eta beste giro lasaiagoan egiten direnak bai. Hala ere kontraesan asko dauzkat halako proben inguruan.

Eguna iritsi ahala zalantzak sartu zitzaizkidan eta ibilbide osoa aurrez egin nuen gogortasuna zuzenean neurtzeko. Bi aste lehenago izan nintzen eta benetan gogorra iruditu zitzaidan, bai igoerak eta baita jeitsierak ere, batez ere Azpegikoa eta Errozatekoa. Azken hau dena puskatuta zegoen eta arriskutsuegia iruditu zitzaidan. Errepideko bizikletak ez zidan ziurtasunik ematen eta mendatean, azkenekoan batez ere, larri ibili nintzen. Bederatzi ordu pasa behar izan nuen bukatzeko eta asko sufritu nuen Larrainen gora.

Azkenean, eguraldi iragarpenak ikusi ondoren, bi bizikletekin etorri naiz Otsagabiara. Txirrinduzale asko dabil eta giro polita dago kaleetan. Bertan elkartu naiz Mikel Elkoro elgetar pilotari ohiarekin. Hau ere bizikletak harrapatuta dauka eta asko ibiltzen dela dio baina baita proba gogorra dela.

Pake eta biok Orbaizetan hartu dugu lojamendua. Ibilbidean “muro”deituriko paretaren hasieran dagoen Mendilatz aterpetxe bikainean. Gainera oso ondo jaten da bertan. Toki estrategiko honetan lo egitea erabaki dut. Aurrez ere egonak ginen baina, bestalde, hemen bizikleta aldaketa egitea erabaki dut. Errepideko bizikletaz hasiko naiz eta, hona iristean, aldaketa egingo dut eta mendikoa hartuko.

Goizean goiz jeiki, gosaldu, komunean sartu-irtenak egin eta Otsagabiarako bidean jarri naiz garaiz iristeko. Furgoneta Ezkarotzen utzi eta bizikletaz joan naiz irteerara. Eguraldi freskoa baina ederra eta jendea lasai-lasai. Irteeran umeak aurretik 2 kmko ibilbidea egiten eta beste guztiok atzetik, presarik gabe. Hau bai leiharik gabeko lasterketa.

Jaurrieta, Erremendia eta Abaurreagaineko mendateak erraz pasa ditugu eta taldean goaz Irati aldera. Orbaizeta pasa ondoren Mendilatzen bizikleta aldatu dut dortsal eta guzti. Pake agurtu ondoren, porlanezko pareta igotzen hasi naiz. Gero Orbaizetako fabrikan, anua postuan, jan eta edan eta aurrera egin dut. Hemen hasten da gogortzen ibilbidea eta Azpegiko mendatean lainoa eta euria egiten du. Beherako bidea arriskutsua dago eta jendea poliki doa. Ni berriz, inoiz baino seguruago noa mendiko bizikletarekin.

Behean, Errobi errekaren sorburuan, atsedenik gabe, aldapa gogorrari ekin diogu. Errozate mendateak 10 kmko luzera du eta une batzuetan %20ko desnibela. Goian lainua eta siri-miria. Jeitsieran berriz lasai doaz denak eta nik, ausardiaz, jendea pasa eta pasa. Ibilbideak ez du atsedenik, behera ez bada gora eta gora. Anua postuan geldiune bat egin eta Surzai lepoa gainditu ondoren Bagargiko mendatea daukagu zain. Txirrindulariok taldetxoetan edo ia banaka goaz, baina elkarri adarra joteko gogoa galdu gabe. Nire bizikletaren enbidiaz, aldatzeko proposamena egin didate batzuk. Ezta errepideko onenarengatik ere ez. Eroso eta gustura noa nirearekin.

Bagargi pasa ondoren jeitsiera gogorra berriz eta ziztu bizian Larrainen gaude. Hemendik aurrera bakoitzak ahal duena. Orain arte ondo etorri naiz baina hemen nire hankak larri doaz eta aldapari neurria hartzen saiatu naiz. Lasai-lasai goraino heltzea da helburua. Kostata baina, laino artean eta elgoibartar batzuen animoekin pasa dut gailurra eta beherako bideari ekin ondoren kriston abiaduran jeitsi dut aldapa, baina arriskurik hartu gabe. Azkenean zortzi ordutan Otsagabiara iritsi naiz, nekatuta baina pozik, garagardoa edan eta bazkaltzeko gogoz.

Helmugan gurpil-azal berria erregalatu didate eta Ezkarotzen furgoneta hartuz banoa lehenbailehen Mendilatzera Pake aspertuta egongo ote delakoan. Egia esateko, Mendilatz aterpea paraje zoragarri batean dago eta lasai aurkitu dut Pake, irakurtzen eta inguruaz gozatzen. Aterpetxeko Txapar anaiek ondo hartu gaituzte eta berriz itzuliko gara. Hurrengoan Malli Txapar gidari dudalarik ezgutuko ditut inguruak bizikletaz. 

Azkenean betiko galdera datorkit burura: pena merezi izan al du? Baitz uste. Ibilbideari neurria hartu ezkero eta inguruaz gozatuta, ondo ibili daiteke. Datorren urtean, agian, berriz hor izango naiz.

Albokua

Albokua 2016-07-02 07:01 #1

Hirurogehitaka urte ta halakuak egin ondoren jarraitzeko animo ta indarra euki ezkero, bizitzari irriparre batekin begiratzeko moduan zaude la behintzat zen jata.
Eutsi goiari irriparrez.


Utzi iruzkina: