Iñaki Lejarreta gogoratuz

Alberto Ibiltarixanak | 2014-09-07 00:00

Iñakiren bideak jarraituz, irailaren 6an eta 7an, Euskal Herria mendi bizikletaz zeharkatuz, Iñaki Lejarreta gogoratzeko mendi bizikleta martxa egin dugu. Berriz bere jaioterrian hasi eta bertan bukatu da, Urkiola, Izki, Urbasa, Bidasoa eta Gipuzkoako kosta zeharkatu ondoren. Nik azken aurreko etapan parte hartu dut, Zarautzen hasi eta Mutrikuko Olatzen bukatzen den zatian. Goizeko 10:00etan elkartu gara Zarautzko kanpinean eta Hondarribitik datorren taldea iritsi eta gero, taldeko argazkia egin dugu. Ia 40 lagun elkartu gara, Pagoeta BTT taldeko zarauztarrak gehienak eta ondarrutarrak ere bai, eta gogotsu ekin diogu etapari.

Zarautz zeharkatu eta Bista alegre auzoko aldapan gora Getaria gaineko mendietatik Zumaiara jo dugu. Ondoren Elorriaga auzora eta hemendik, itsasertzeko paraje zoragarriak aurrean ditugula, Sakonetara jeitsi gara, gero Itziar gainditu eta Debara jeisteko. Ibilbide ezaguna da niretzat baina, hala ere, zati batzutan estrainekoz pasatu naiz. Ibilbide osoa egiteko asmoa nuen baina, orduak aurrera doaz eta Deban utzi behar izan dut taldea, bazkaltzeko zain dauzkat eta Peru biloba eta familia osoa. Hurrengo urtean ibilbide osoa egiten saiatuko naiz. Iñaki Lejarretaren bideak ekarri nau hona eta bera izan dut gogoan itzuleran. Errepidean gabiltzan txirrindulariok arrisku larria daukagu eta auto gidarion eta txirrindularion arteko errespetoan ibili behar dugu. Ez dago beste biderik.

 


Utzi iruzkina: