HODEIren bila bizikletaz

Alberto Ibiltarixanak | 2014-07-16 00:00

Hodei Egiluz galdakoztarra urrian desagertu zen Anberesen, Belgikan. Honez gero denok zaudete jakinaren gainean. Baina, bederatzi hilabete beteko dira laster eta oraindik ez dugu Hodeiren berririk. Semea galtzea gogorra bada pentsa zein gogorra den semea desagertzea eta haren berririk ez izatea. Horrela daude Pablo eta Koro. Egun batetik bestera Hodei desagertu zen eta ez dute ezer gehiago jakin.

Bada, Egiluz aurkitu nahian, abuztuan, Flandriara joateko asmoa daukagu bera bilatzen laguntzeko. Bizikletaz ibiliko gara Flandrian eta Holandan barrena hangoek jakin dezaten Hodei oraindik ez dela agertu eta gu ez gaudela harekin ahaztuta. Haiei jakinarazteko ez dugula ahaztuko eta flandiarrek ere ezin dutela ahaztu. Hodeiri buruz zerbait jakin dezaketenengana hurbildu nahian egingo dugu ibilbide hori bizikletaz. Hodeiri buruzko egia argitzeko asmoz.

Ezagutzen nauzuen guztiok dakizue kirol zalea naizela eta bizikleta dudala gogoko. Ez bakarrik kirola egiteko, ez. Bizikletaz ibiltzen naiz uste dudalako osasuntsua dela, garraiobide garbia eta merkea dela eta edonor ibil daitekeela bizikletaz. Bizikleta aukeratu dugu Flandrian zehar ibiltzeko, han oso arrunta delako garraiobide hau eta oso ondo prestatua daudelako, bai Flandria eta baita Herbeheretako bideak ere bizikletaz ibiltzeko.

Abuztuaren bigarren hamabostaldian egingo dugu bidaia hori eta nornahi etor daiteke gurekin bizikletaz ibiltzera herririk herri; ez dauka inork txirrindularia izan beharrik. Lasai ibiliko gara, inguruaz gozatuz eta Hodei gogoratuz.

Gurekin joan nahi duenak hona idatzi behar du: hodeibila@gmail.com. Eta Hodeiri buruzko edota martxari buruzko informazio gehiago nahi duenak hona jo dezake: http://www.hodei-missing.com/eu/


 


Utzi iruzkina: