EUSKADIextrem 2013: 2.etapa Beasain-Beasain (53 Km)
Gaur ere eguraldi zoragarria datorrela dirudi. Agian atzo baino bero gehiago baina ez dago kexatzerik. Beasaingo plazan elkartu gara ondo gozalduta eta bizikletak olioztatuta. Zaharrenak garela eta elkarrizketa egin digu aurkezleak. Elgetakoa naizela esan diot eta Joseba elgetarra etorri zait harrituta uste duelako bera dela elgetar bakarra. Bada ez da horrela, ni Orion bizi naizen elgetarra naiz eta bera Elgetan bizi den uberarra. Elgetako mailota daramadanez beste batek ere agurtu nau. Atzo berriz, aupa Orio esaten zidaten.
Hasi eta berehala aldapa gogorrari ekin diogu. Eta igoerak bi ordu pasa iraun du. Bezperako nekea antzematen da baina batzuk hobeto daramagu beste batzuk baino. Zaharrok diesel motorra daukagu eta berotzeko denbora behar du baina behin berotutakoan ez dago gu pasako gaitunik. Arrokeriak utzi eta segi dezadan igandeko kronikarekin.
Igaratza baino lehen elgoibarko Beristaindarrak agurtu eta animatu naute. Ez nituen espero eta haien animoak ondo etorri zaizkit aldapa leuntzeko. Aldapa gogorra gaindituta ondo pasa gara Igaratzako txaboletatik eta Lareo aldera jo dugu. Urtegira iritsi baino lehen aldapatxo gogorra gainditu behar izan dugu eta eskerrak han egon diren gazteei, bultzaka airean eraman naute.
Ondoren Ataunera jeitsiera azkarra arriskutsua bihurtu da Elik eta Martinek jarri duten abiaduragatik. Jarraitu ezinean ibili naiz baina Ataunen hirurok batera iritsi gara azken anoa postura. Platano zati batzuk eta pastaren bat edari isotonikoekin eta martxa, azken aldapa gogorrari ekiteko. Ia 3 Km.ko aldapak norberaren eta besteen ezinak agerian uzten ditu. Martxa polita hartu dut eta lagun dexente utzi ditut atzean. Gero goian berriz elkartu gara eta jotake helmugara arte. Bost ordu baino ordu laurden lehenago azaldu gara Beasaingo plazan, gustura eta garagardoa edateko gogoz. Anna eta Sergi katalanen atzetik iritsi gara, eta atzo bezala, Anna izan da lehen emakumea. Zorionak eta bisca Catalunya lliure! Jon atzo bezala lehena izanda eta podiumera igo baino lehen gu hiruron artean jarri da argazkirako. Ikustekoa da bere aitaren poza.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: